Gizartea -
BIZKAIA
Suak enpresa bat kiskali du Erandion
Sua material elektrikoa pilatzen duen enpresa batean piztu da, Lutxana-Asua errepidearen ondoan. Inor ez da zauritu, baina kalte material handiak izan dira. BI-735 errepidea itxi egin behar izan dute inguru horretan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sua piztu da gaur gauean Erandioko enpresa batean eta garrek eraikina kiskali dute. Pabilioia Lutxana-Asua errepidearen ondoan dago eta gertakari horren ondorioz BI-735 errepidea itxi egin behar izan dute inguru horretan.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, sua 20:50ean piztu da eta suhiltzaileak berehala bertaratu dira. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zirkulazioa bideratu dute.
Ezbeharraren unean lantegia hutsik zegoen, baina inguruko enpresa bat jendez hustu behar izan dute. Ez da zauriturik izan, baina garrek eraikina suntsitu dute.
Sua kontrolpean dago, baina suhiltzaileek bertan segitzen dute.