Gizartea -
Iragarpena
Eguraldi ederra, tenperaturak gora eta eguzki giroa gailenduko da
Eguraldi ona asteartean; baina, arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta ekaitzak jo dezake. Hego-haizea eta 20 gradu inguruko tenperatura maximoak.
Erredakzioa
Asteartean eguraldiak hobera egingo du, hego haizea ibiliko baita. Haize horri esker, tenperatura 20 gradura iritsiko da Kantauri isurialdeko hainbat puntutan. Zeruan ostarte ederrak zabalduko dira, bereziki goizean, arratsaldean berriz, bero-hodeiak garatu eta han-hemenka zaparradaren bat edo beste bota dezake, bereziki barnealdean.
Asteazkenean eguraldiak bide beretik jarraituko du. Goizean garrantzi gutxiko hodeiak ikusiko ditugu eta eguzki giroa gailenduko da. Arratsaldean hodeiak ugaritu eta han-hemenka zaparradak eta trumoi-ekaitzak botatzeko arriskua egongo da. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperaturak gora egingo du eta bero puntua harrapatuko du termometroak, 20-23 ºC-ren inguruan ibiliko da.
Ostegunean eguraldiak ezegonkortze aldera egingo du. Goizean giro lasaiagoa espero dugu, hodeiak eta ostarteak tartekatuko baitira. Aldiz arratsaldean, bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait puntutan trumoitsuak izan litezke, barnealdean bereziki. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez edo apur bat jaitsiko dira.