Gizartea -
Gertaera
Hiru pertsona atxilotuta Barakaldon, gizon bat kolpez hiltzeagatik
Hiru atxilotuak 18 eta 23 urte bitarteko gazteak dira. Horietako bi Bilbokoak eta hirugarrena Burgoseko Espinosa de los Monteros herrikoa.
Erredakzioa
Barkaldoko (Bizkaia) Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu 40 urteko gizonezko bat kolpez hiltzea leporatuta.
Hildakoa, J.J.R.M. 40 urteko gizonezkoa, Barakaldoko bizilaguna zen.
Ezbeharra 03:15ean izan da, San Bartolome kalean, Done Bikendiko dorreen inguruan, Megapark merkataritzaguneko diskoteka ezagun baten ondoan.
Ustez, hiru gaztek liskar bat izan dute biktimarekin. Jipoitu egin dute eta gizonezkoa lurrean etzanda gelditu da sudurretik odol asko galtzen ari zela.
Udaltzainak bertaratu dira eta larrialdi zerbitzuei abisua eman diete, baina ezin izan dute ezer egin gizonezkoaren bizitza salbatzeko. 04:15ean hil egin da eta epaileak 05:40an agindu du gorpua altxatzea.
Atxilotuak 18 eta 23 urte bitarteko hiru gazte dira
Ustezko erasotzaileak ihes egin dute, Megaparketik, baina astebururo poliziak egoten dira inguruan, eta erasotzaileetako bi hartu dituzte.
A.S.C. Bilboko bizilaguna eta E.A.B, Espinosa de los Monteros (Burgos) herriko laguna.
Hirugarren susmagarria diskotekaren barruan atxilotu dute; E.S.L. bilbotarra da.
Hiru atxilotuak polizia-etxera eraman dituzte eta epailearen aurretik pasako dira. Gazteenak ez, baina beste biek aurrekariak dituzte.
Gertaeraren berri izan bezain laster, Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkateak "basakeria hau" kondenatu du eta hildakoaren senitartekoei elkartasuna adierazi die. Herriak ez duela "gaueko giroa izorratzen duen jendilajerik" nahi gaineratu du.