Gizartea -
Abisu horia haizeagatik
100 km/h eta hortik gorako haize boladak hainbat tokitan
102 km/h haize boladak erregistratu dira Zizurkilen, 99 km/h-koak Oizen eta 96 km/h-koak Ilarduian. Abisu horia indarrean egongo da egun osoan haizeagatik, tenperatura altuengatik eta baso-sute arriskuagatik.
Agentziak | Eitb Media
Haizeagatik abisu horia indarrean da gaur egun osoan eta Zizurkil eta Ilarduian neurtu dira haize bolada indartsuenak neurria indarrean sartu denetik. 102 km/h boladak neurtu dira Zizurkilen (Gipuzkoa) eta 96 km/h-koak Ilarduian (Araba).
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horiak ezarriak ditu gaurko, bai eta ageriko eremuetan, bai agerikoak ez direnetan ere; izan ere, agerikoetan 100 km/h-tik gorako haize boladak neurtu daitezke eta 90 km/h-tik gorakoak agerikoak ez direnetan.
Zehazki, ageriko eremuetan haizeak abiadura hori gaindi dezake, bereziki, egunaren lehen erdian eta ekialdeko mendialdeko eremuetan. Arratsaldean apaldu egingo da haizea baina gauean bizitu egingo da atzera.
Agerikoak ez diren eremuetan ere egunaren lehen erdian eta ekialdean izango dira haize ufada gogorrenak, 90 km/h abiadura gaindi ditzakete; lurraldearen gainerako tokietan hego-ekialdeko haizeak aise gaindituko ditu 80 km/h-ak.
Egunaren lehen orduetan, Zizurkilgo eta Ilarduiako haize-boladez aparte, ageriko zonaldeetan zertxobait apalagoak izan dira neurketak, 99 km/h boladak neurtu dira Oizen (Bizkaia) eta 87 km/h-koak Herrerako mendatean (Araba).
Abisu horiez gain, indarrean da gaur egun osoan baso-sute arriskuagatik abisu horia, haize zakarrari tenperatura altuak gehitu baitzaizkio gaurkoan, Kantauri isurialdean bereziki.
Asteartean hego-ekialdetik joko du haizeak baina ez gaur besteko indarrez. Arratsaldean eta itsasertzean, ipar-ekialdetik joko du, ahul.