Gizartea -
Madrilen
Gizonezko batek ustez gurasoak hil ditu Alcorconen
Horren ostean, ustezko hiltzaileak (26 urte) bere burua balkoitik behera bota du, baina kontusioak bakarrik egin ditu.
Erredakzioa
Gizonezko batek (26 urte) ustez gurasoak hil ditu asteazken arratsaldean Alcorconen (Madril), eta ondoren atxilotu egin dute, Poliziaren Buruzagitza Nagusiak eta Madrilgo Larrialdietako Zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Hilketa 15:00ak aldera gertatu da, Alcorconeko Sierra de Alcubierre kaleko 6. atariko etxebizitza batean. Jarraian, ustezko hiltzaileak balkoitik behera bota du bere burua, baina kontusioak bakarrik egin ditu, lehenengo solairua baitzen.
Hildakoak 74 urteko gizonezko bat eta 69 urteko emakume bat dira. Biek arma batez egindako zauri sakonak zituzten lepoan.
Poliziaren Buruzagitza Nagusiak azaldu duenez, herritar batek ohartarazi du Polizia gizonezko batek bere burua balkoitik behera bota duela eta kalean zaurituta zegoela.
Larrialdietako zerbitzuak eta agenteak iritsi direnean, biktimak berak jakinarazi die gurasoak hil ostean bota duela bere burua balkoitik behera, eta horren aurrean, atxilotu egin dute.
Gizonezkoa tratamendu psikiatrikoan zegoen, eta ez dago inolako frogarik aurretik ere horren modukorik egin duenik esateko.