Gizartea -

indarkeria matxista

Hiru gizon atxilotu dituzte sexu abusuak egotzita Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Bilbon, gizon batek abusua egin zion emakume bati; Donostian, masajista batek hankartea ukitu zion emakume bati haren baimenik gabe; eta Gasteizen, beste gizon batek sexu erasoa egin zion zerbitzari bati.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB Media
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB Media
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan, 28 eta 47 urte bitarteko hiru gizon atxilotu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, sexu abusuak egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Azken atxiloketa igande goizaldeko bostak aldera izan da. Emakume bati sexu erasoa egin diote Bilboko ostalaritza lokal bateko komunetan.

Biktima komunera joan zen eta, irtetear zegoela, aurretik ere gogaitzen ibili zitzaion gizon batek igarotzea galarazi zion, eta haren borondatearen aurka abusua egin zion.

Atzerapenagatik kezkatuta, biktimaren lagun bat zer gertatzen ari zen ikustera hurbildu zen tokira, eta erasotzailearen kontra indar egiten topatu zuen. Gizonak bertatik ihes egin zuen.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak susmagarria atxilotu zuen handik gutxira, zenbait lekukoren lankidetzari esker.

Bestalde, Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu zuen larunbat gauean Donostian, emakume baten salaketa jaso ostean. Antza, masaje zerbitzu bat kontratatu zuen eta, azaldu zuenez, masajistak gehiegikeriaz jokatu zuen, hankartea ukitu baitzion.

Ia ordu berean, Gasteizen, Ertzaintzaren beste patruila batek 44 urteko gizon bat atxilotu zuen, ostalaritza lokal bateko zerbitzariari abusuak egitea leporatuta. Abusuez gain, atxilotuak biktima iraindu eta mehatxatu ere egin zuen.

Gipuzkoan eta Araban atxilotutakoak epailearen esku utzi dituzte, eta Bizkaiko hiriburukoa hurrengo orduetan ipiniko dute justiziaren eskuetan.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia bideoak Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE albisteak Delituak Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gaurko titularrak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Mundu matxista