Gizartea -
Delituak
Iruñerriko gizon bat espetxera bidali du epaileak, adingabekoak galbideratzea leporatuta
"Child grooming" salaketa batetik abiatu zen ikerketa, adin txikikoekin sare sozialetatik edo bestelako komunikazio bideetatik kontaktatu, haiengana hurbildu eta kontaktu sexuala helburu duen delitu mota bat.
Agentziak | EITB Media
Iruñerriko gizon gazte bat espetxera bidali du epaileak, sare sozialen bidez adingabekoen galbideratze delitu baten ustezko egilea delakoan.
"Child groomin" kasu baten salaketa jaso zuen Foruzaingoak eta berehala atxilotu zuen Foruzaingoak. Adin txikikoekin sare sozialen bidez edo bestelako komunikazio bideetatik (char aretoak, mezularitza kanalak edo tankerakoak) erabiliz kontaktua egin eta haiengana hurbiltzea du xede delitu modalitate honek, kontaktu sexuala lortzeko gero.
Foruzaingoak azaldu duenez, Delitu Informatikoen Taldeko kideek susmagarriaren etxebizitza miatu zuen eta hainbat elementu elektroniko eta ebidentzia atzeman zituzten, gizonezkoa kontaktua egindako neska gazteekin lotzen zituztenak.
Poliziaren diligentzien instrukzioa eginda, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zuten, eta epaileak espetxera bidali zuen. Hautemandako gailuak ikertzen jarraitzen du Poliziak.
Operazioan parte hartu dute Foruzaingoko Delitu Informatikoen Taldeko kideez gain, Laguntza Brigadako eta Informazio Alorreko kideekin lankidetzan.
Zer da "groominga"?
Poliziak azpimarratu duenez, sare sozialetako "groominga" da adingabeek gailu digitalak erabiliz nabigatzen dutenean aurki dezaketen mehatxu nagusietako bat, sexu-jazarle horiek haietan ezkutuan jarduten baitira beren helburuak lortzeko.
Delitu-modalitate honetan, ziber-harrapariak hainbat taktika eta trikimailu erabiltzen ditu espazio birtualean, adinbegeekin hitz egin eta haien konfiantza lortzeko. Oro har, jazarlea adingabeekin aurrez aurreko topaketa bat egitera behartzen saiatzen da, elkartzean abusuak eta sexu-izaerako beste ekintza batzuk egiten saiatzeko
Foruzaingoko espezialistek horrelako jokabideak ugaritzen ari direla detektatu dute, batzuk 12 eta 13 urte arteko biktimekin, eta, beraz, horrelako gertakariak prebenitzeko beharra nabarmendu dute, oinarrizko jarraibide batzuei jarraituz.
Gainera, azpimarratu dute gisa honetako tekniken biktima izan denak salaketa jartzea funtsezkoa dela, gertakariak ikertu ahal izateko. Salaketa aurkezteko unean, funtsezkoa izango da ikerketan lagunduko duten era guztietako frogak edo dokumentuak aurkeztea, hala nola elkarrizketak, pantailen argazkiak, edo jasotako edo partekatutako multimedia-edukia.