Gizartea -
Koronabirusa
EAEko funtzionarioek ez dute musukoa derrigorrez erabili beharko
Hala ere, egoera eta inguruabar zehatzetan erabiltzeko gomendioa eman du Jaurlaritzak, "segurtasun distantzia mantendu barik pertsona anitz biltzen direnean, eta noizbehinka haien arteko harremana ematen denean".
Agentziak | EiTB Media
Musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango Eusko Jaurlaritzako lanpostuetan. Hala ere, egoera eta inguruabar zehatzetan erabiltzeko gomendioa eman du Jaurlaritzak.
Nahiz eta derrigorrezkoa ez izan, toki zehatz batzuetan "erabilera arduratsua" gomendatu du Eusko Jaurlaritzak; non "segurtasun distantzia mantendu barik pertsona anitz biltzen dira, eta noizbehinka haien arteko harremana ematen da".
Konkretuki, musukoa erabiltzeko gomendioa eman dute bilera aretoetan, prestakuntza geletan eta atseden esparruetan, bertan biltzen den pertsona kopuruaren eta klimatizazio zein aireztapen baldintzen arabera.
Horretarako, administrazioak langile bakoitzari musuko kirurgiko bat emango dio egunero, nahi izanez gero.
Lantoki barruan musukoa derrigorrezkoa izango da pertsona bat lanera arnas infekzio sintomekin joaten denean, proba baten bidez positibo dela baieztatzen denean eta ibilgailu barruan bi pertsona edo gehiago elkarrekin datozenean.
Gainera, pertsona zaurgarriei, hala nola, 60 urtez gorakoei, immunodepresioren bat dutenei eta haurdunei FFP2 musuko bat erabiltzen jarraitzeko gomendioa eman diete. Era berean, administrazioak eskainiko die.
Arreta zerbitzuei dagokionez, aldez aurretiko hitzordua mantentzeko gomendioa eman dute; izan ere, jende pilaketak saihestu eta segurtasun distantzia mantentzea errazten du.
Bestalde, arreta zerbitzuko langileek eta herritarrenganako segurtasun distantzia mantendu ezin duten beharginek FFP2 maskara bat eskuragarri izango dute.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak gogorarazi duenez, positibo ematen duten langileek ez diote dagoeneko prebentzio zerbitzuari jakinarazi behar; lantokira hurbiltzen direnean soilik, beharrezkoa balitz babes neurri gehiago ezartzeko.