Gizartea -
EGURALDIA
Giro nahasia eta euria izango dira asteburuan, Pazko Astea amaitzeko
Larunbatean euria Euskal Herri osora zabalduko da, baina igandean atertzera egingo du lurraldearen ipar partean salbu.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Pazko Asteko asteburuari begira, aldaketa handirik ez eguraldiari dagokionez Euskal Herrian. Euskalmet eta Aemet agentziek egindako aurreikuspenaren arabera, euria eta giro nahasia nagusituko dira, batez ere, larunbatean.
Larunbatean tenperaturak jaitsi egingo dira eta maximoak 11-14 ºC-ren bueltan kokatuko dira. Egunaren lehen zatian haizeak hego-mendebaldetik joko du, tarteka zakar, eta zerua hodeitsu egongo da. Goizean barrualdean egingo du batez ere euria. Arratsaldean, haizeak mendebaldera egingo du eta euria ia denera zabalduko da. Dena dela, zenbat eta iparralderago euri gehiago egingo du. Gainera, han hemenka trumoi ekaitzak jo dezake.
Nafarroako Pirinioetan elurraren maila 1.200 metrora kokatuko da goizean eta eguna amaitzerako igo egingo da. Mendi altuenetan izotza ere egingo du.
Igandean giro nahasia mantenduko da Euskal Herrian. Goizaldeko hodeiek euria utziko dute, baina egunak aurrera egin ahala ostarteak zabalduko dira eta atertzera egingo du, ipar partean salbu. Zenbait tokitan, Nafarroan batez ere, ostarte zabalak zabalduko dira arratsalderako. Haizeak hego-mendebaldeko ukitua hartuko du eta tenperatura maximoak 16 ºC-ren bueltan kokatuko dira.
Nafarroako Pirinioetan elurraren maila 1.400 metrora igoko da, eta are gehiago eguna amaitzerako. Goietan izotza ere egingo du.
Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.