Gizartea -
bizi martxa
Armagintzaren aurkako bizikleta martxa batek Bizkaia zeharkatu du
Bizkaiko zenbait udalerri zeharkatu ditu martxaren hamalaugarren edizioak, "industria armamentistikoa zibil bilakatzea" aldarrikatzeko.
agentziak | eitb media
Gerra, Gastu eta Industria militarraren aurkako 14. Bizi Martxak Bizkaiko zenbait udalerri zeharkatu ditu larunbat honetan, "gastu militarra eta armen trafikoa amaitzea" eta "euskal enpresen ekoizpen militarra zibil bilakatzea" aldarrikatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregirik abiatu da martxa 11:00etan, Bilbon, zenbait talde antimilitarista, ekologista eta internazionalistak bultzatuta. Ibilbidean zehar, parte hartzaileak Barakaldoko ITP Aero enpresaren lantoki aurrean elkartu dira eta, Portugaletera iritsi eta Zubi Esekia gurutzatu ondoren, Getxoko Sener enpresa aurrean amaitu dute.
"Erakundeek euskal arma enpresekin duten konpromiso gorakorra eta militarismoari bideratutako baliabideen areagotzea" kritikatu dituzte deitzaileek, uneko errealitatearen aurrean. Hala, "osasungintzan, pentsioetan, berdintasun politiketan, gizarte zerbitzuetan edota etxebizitza duin baterako sarbidean" egindako murrizketak aipatu dituzte, "bizitzaren kostuak gora egin duen eta familien biziraupen baldintzak larritu egin diren testuinguru batean".
Zentzu horretan, "gerraren negozioan erakundeen konplizitatearen adibide" jo dute Espainiako Gobernuak gastu militarrerako iragarri dituen "6.500 milioi euroak, aurtengo gehikuntza 22.000 milioi eurotik gorakoa zenean". Gainera, salatu dutenez, "Pedro Sanchezen Gobernuak 10.000 milioi euro bideratzea erabaki du ehiza hegazkinetarako, misiletarako, itsaspekoetarako eta gerra ontzietarako".
Era berean, ohartarazi dute Eusko Jaurlaritza ere ez dela "alde batera gelditu". Izan ere, nabarmendu dutenez, "100 milioi euro inguruko diru laguntza ematen dio sektore aeronautikoarekin lotutako industria militarrari, bereziki".
Ekimena antolatu duten erakundeek azpimarratu dutenez, "Euskadik 750 milioi euro fakturatzen ditu material militarra ekoiztearen truke; Estatu osoan gehien fakturatzen duen autonomia erkidegoa izanik, Madril eta Andaluziaren atzetik".
Bestalde, adierazi dute "ehunka enpresak" parte hartzen dutela euskal industria militarrean, eta "euren ekoizpenaren % 80" saltzen dietela zenbait herrialdetako Defentsa Ministerioei eta Indar Armatuei (Maroko, Arabia Saudi, Estatu Batuak, Mexiko, Brasil edo Espainia, kasu), "150 milioi euro inguruko mozkinak lortzen dituztelarik".
Martxa honen bitartez, "ekoizpen militarra zibil bilakatzeko" eskatu dute, "Orbeak iragan hurbilean egin bezala". Hala, "pistolak, errebolberrak eta bizitza ugari hondatu dituen arma mota ororen" ekoizpenetik bizikleten ekoizpenera igarotzea da asmoa, "bizitzeko era osasungarria" eta "ingurumenarekin lagunkoia" bultzatuz.