Gizartea -

koronabirusa

Felix Zubia: "Aukera polita dugu orain airearen kalitatea neurtzen hasteko"

Astelehenetik aurrera, musukoaren derrigortasuna desagertuko da ikastetxeetan. Donostia Ospitaleko ZIUko buruak hori eta koronabirusaren inguruko gainerako berriak izan ditu hizpide, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.

Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urteren ostean, egun handia izango da biharkoa Euskal Herriko ikastetxeetan: oporretatik buelta musukorik gabe egingo dute, eta halaxe ekingo diote ikasturtearen azken txanpari. Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburua "pozik" agertu da berriarekin, eta hemendik aurrera kontuan hartu beharrekoen inguruko hausnarketa egin du, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Batik bat, talde zaurgarriak eta aireztapena izan ditu hizpide.

2020ko martxoaz geroztik etxetik aritu ziren ikasleak, ia bi ikasturtez ondoren musukoa soinean, eta hori eramateko derrigortasunik gabe, astelehenetik aurrera. Gainera, burbuila taldeak ere desagertuko dira. Hala, eskola autobusak izango dira musukoa erabiltzeko salbuespen bakarra, ikasleen kasuan. Edonola ere, Euskal Herriko bi gobernuek aireztapena, distantzia eta segurtasun neurriak mantentzen jarraitzeko eskatu dute eta, bermatu ezin direnetan, musukoa erabiltzeko (talde zaurgarrien kasuan, batez ere). Zubiak aurrekoetan ere azpimarratu izan du neurriak arintzeko haurrekin hastea komeni zela, eta pozik agertu da: "bazen garaia".

Zaurgarritasuna eta aireztapena

Espainiako Gobernuaren dekretu berriarekin, egoerari buelta ematen zaiola uste du Zubiak: "lehen denok eramaten genuen musukoa zaurgarrienak babesteko. Orain, zaurgarrienek euren burua babesteko lan gehiago egin behar dute, edo neurri zorrotzagoak hartu". Gogora ekarri du haurren artean ere badirela talde zaurgarrietan daudenak, eta, helduen kasuan bezala, FFP2 musukoak erabiltzea dela babesteko gomendagarriena. Horien kasuan, "egoera okertu egin da".

"Nik uste dut aukera oso polita galdu dugula airearen kalitatea neurtzeko eta ondo egiteko, eta oraindik ere garaian gaude", iradoki du medikuak. Pandemiaren bilakaerarekin, "ikasi genuen espazio itxietan distantziak berdin diola", horregatik, "momentu ona litzateke aireztapena neurtzeko eta indarra hor jartzeko". CO2 neurgailuen bidez egin daiteke hori eta, Zubiak azpimarratu duenez, "ez dira garestiak".

"Lehen denok eramaten genuen musukoa zaurgarrienak babesteko, eta orain haiek egin behar dute lan hori"

Dekretuaren balorazioa egin du, hurrenik, Zubiak. Haren aburuz, "gomendio itxura gehiago du lege itxura baino, ez baitu parametrorik ematen" lantokietan nola aritu jakiteko. Gainera, bileretan "bada espazio lauso bat, aireztapenari dagokionez". "Hemen ere gomendagarria litzateke neurgailuak erabiltzea: hortxe geldituko zaigu zaindu beharreko beste puntu bat".

"Legearen irakurketaren arabera, oso zorrotz jarri gintezke eta denok musukoa eramatera derrigortu; edo kontrakoa egin, eta legearen interpretazioa askoz lasaiagoa izan liteke", gaineratu du.

Hori dela eta, "kasuan kasu" aztertu beharko da eta, hemen ere, "egoera zaurgarria duenak bere burua gehiago babestu beharko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Osasunari buruzko albisteak Medikuak Donostia Ospitalea Koronabirusa