Gizartea -

koronabirusa

Musukorik gabe itzuli dira ikasleak eskolara

Aste Santuko oporren ostean, ikasleek maskararik gabe abiatu dituzte eskolak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Gobernuak ezarritakoaren arabera, derrigorrezkoa izateari utzi dio.

Haurrak musukoarekin, Donostiako ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EFE
Haurrak musukoarekin, Donostiako ikastetxe batean. Artxiboko argazkia: EFE
Derrigorrezko musukorik gabe itzuli dira ikaseak eskolara

0:29

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko oporren ondoren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleak astelehen honetan itzuli dira eskolara, musukorik gabe. Eusko Jaurlaritzak iragan ostegunean iragarri zuen ikasleek eta irakasleek ez dutela ikastetxeetan musukorik erabili beharrik izango, eta Nafarroako hezkuntza zentroetan ere musukoa ez da nahitaez erabili beharko, Foru Gobernuak jakitera eman zuenez.

Bestalde, Arabako ikastetxe askok Aste Santua eta San Prudentzio elkartuko dituzte. Hortaz, kasu horietan, maiatzaren 2ra arte luzatuko dituzte oporrak.

Garraioan, ospitaleetan eta adinekoen egoitzetan izan ezik, musukoa barnealdeetan erabiltzeko betebeharrari amaiera eman dion dekretua iragan asteazkenean indarrean sartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak covid-19aren aurkako arauen protokoloa eguneratu zuen.

Gauzak horrela, aurrerantzean, Euskadiko ikastetxeetan musukoa ez da nahitaez erabili beharko, ikasleen eta irakasleen arteko elkarrekintza ahalbidetuko da maila guztietan, eta bizikidetza-taldeak desagertu egingo dira.

Edonola ere, erabiltzen jarraitu nahi duten ikasle edo irakasleek, arrazoia edozein dela ere, erabili ahal izango dute, eta pertsona kalteberei maskara erabiltzeko gomendatu diete.

Orain arte bezala, eta beste edozein arnas prozesu edo gaixotasunekin bezala, sukarra duten, covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten edo proba batean positibo eman duten ikasleek eta profesionalek ez dute ikastetxera joan beharko.

Protokoloak jasotzen duenaren arabera, ikasleek eta langileek covid-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte edo covid-19a atzemateko proba batean positibo eman badute, ez da beharrezkoa izango isolamendu zorrotzik egitea, baina, arnas aparatuko beste prozesu eta gaixotasun batzuetan bezala, ez dira ikastetxera joango sintomak dituzten bitartean, "beren osasuna eta ingurukoena babesteko".

Sintomak desagertutakoan, zentrora itzuli ahalko dira, covid-19arekin bateragarriak diren sintomak agertu eta hurrengo hamar egunetan, herritar guztiei gomendatutako neurriak betez: maskara erabilita, eskuen higiene egokia zainduta eta pertsona zaurgarriekin kontakturik izan gabe.

Gainera, espazioak behar bezala aireztatzea eta eskuen higienea zaintzea garrantzitsua izango da oraindik.

Eskola-garraioaren kasuan, ez dago aldaketarik. 6 urtetik gorako ikasleek eta gainerako langileek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, une oro, autobusaren barruan. 6 urtetik beherako ikasleek ez dute erabili beharko, baina komeni da horiek ere erabiltzea (3 urtetik beherakoek, berriz, ez lukete erabili beharko).

Eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez, ikasleek gaua pasatzea dakarten jarduera osagarriak barne, protokoloan ezarritako prebentzio-neurriak errespetatuko dira eta lehentasuna emango zaie aire zabaleko jarduerei.

Klaustroaren bilerei, gurasoen bilerei eta antzekoei dagokienez, normaltasunez egin ahalko dira, aurrez aurre, baina betiere higiene- eta aireztapen-neurriak zainduta.

Gurasoen elkarteak ikastetxeetako ohiko espazioetan bildu ahalko dira, baita prestakuntza-jarduerak egin ere.

Halaber, aire zabaleko espazioen erabilera sustatuko da aisialdiko nahiz hezkuntzako edozein jardueratarako, kirol jarduerak izan edo ez, eta familiak ikastetxeko espazioetara sartu ahalko dira, bai barrukoetara, bai kanpokoetara, ikasleak sartzeko eta irteteko, eta baita haien presentzia eskatzen duten jardueretara ere.

Protokolo berria Hezkuntzan: ikasleek ez dute musukorik jarri beharko eta burbuilak ere desagertu egingo dira
Protokolo berria Hezkuntzan: ikasleek ez dute musukorik jarri beharko eta burbuilak ere desagertu egingo dira
Protokolo berria Hezkuntzan: ikasleek ez dute musukorik jarri beharko eta burbuilak ere desagertu egingo dira

0:45

Nafarroan ere, musukoaren erabilera ez da derrigorrezkoa, ikasle zein irakasle eta zentroetako langileentzat.

Hezkuntza Departamentuak maskararen erabileraren inguruko azken erabakien berri eman die Nafarroako hezkuntza zentroei, publikoei zein itunpekoei, eta musukoa erabiltzen jarraitu nahi dutenentzat errespetu eta arreta berezia eskatu du, eta aniztasuna errespetatu behar dela nabarmendu.

Behargin zaurgarriei (60 urtetik gorakoak, immunodeprimituak eta haurdunak) musukoa erabiltzeko gomendioa eman die, ahal dela kirurgikoa, medikuek FFP2 maskara erabiltzea gomendatzen duten kasu zehatzetan salbu.

Pertsonen artean 1,5 metroko distantzia eta aireztapen egokia bermatzerik ez dagoen toki itxietan, edo publikoa artatzeko unean, musukoa erabiltzea gomendatu dute.

Bestalde, hiru urtetik gorako ikasleek maskara erabili beharko dute eskola garraioan.

Covid-19aren sintomak dituztenek eta positibo baieztatu batekin harreman estua izan dutenek musukoa erabili beharko dute ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak gogorarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Koronabirusaren Eris aldaera gaur Maskarak koronabirusa