Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Amaia Alvarez: "Ez dut uste Nafarroako Elizak ikerketan lagunduko duenik"
Nafarroako Elizaren abusuak jasotzen dituen txostenaren egileetako bat da Alvarez, eta berak uste du batzorde independentea eratu beharko litzatekela biktimak aitortu eta babestuko dituen legea garatzeko.
I.G. | eitb media
Amaia Alvarez historialaria Nafarroako Elizaren abusuak bildu dituen txostenaren egileetako bat da, eta, bitimak legez aitortuko dituen legearen tramitazioaren atarian, ez du uste hainbat urtez izandako gehiegikeriak argitzeko ikerketan "Nafarroako Elizak lagunduko duenik".
Nafarroako Gobernuak bidea egin du, biktimekin eta unibertsitatearekin batera, Elizak Nafarroan egindako abusuen biktimak identifikatzeko lanean. Izan ere, gaur eguerdian Santos Indurainek elkarlanerako hitzarmena sinatuko du Elizaren Sexu Abusuen Biktimen Elkarte nafarrarekin.
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak egindako elkarrizketa batean Alvarezek esan duenez, unibertsitateak 2021ean abiatu zuen lehen ikerketa, Elizaren biktimak identifikatzeko, eta duela bil hilabete inguru aurkeztu zuten. Lan hori "oinarria izan da haritik tira egiteko eta orain legea garatzeko".
Garapen hori egiteko modua askotarikoa izan daiteke, eta, horren esanetan, "eredu asko ikusten ditugu, eta (zeinen alde egin) erabaki beharko da legearen negoziazioaren testuinguruan".
"Ikerketa independente bat egin beharko litzateke, batzorde batean erabaki zein elementu egon beharko diren, profilak, artzapezpikutzaren aldetik nor egon beharko litzatekeen" eta abar. "Nafarroako Elizak ez dut uste lagunduko duenik, autonomia erkidego baten barruan egingo da legea, eta eskumen mugatuak ditu; batzordea noraino heltzen den ikusi beharko da", erantsi du Alvarezek.