Gizartea -
Abusuak
Nafarroako Gobernuak eta Elizaren abusuen biktimek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute
Foru Gobernuak "biktimei babesa emateko konpromisoari" eusten dio. "Urrats bat eman eta batzorde bat eratu beharko litzateke, biktima bakoitzari aitortza modu argian egiteko"
agentziak | eitb media
Justizia Departamentuak eta Elizaren Abusuen Biktimen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena. Horren bidez, Foru Gobernuak urrats bat gehiago eman du biktimei babesa emateko.
Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak eta Jesus Zudaire elkartearen presidenteak sinatu dute hitzarmena Nafarroako Jauregian eta, horren bidez, Gobernuak "biktimei babesa emateko konpromisoari" eusten dio.
"Daukagun arazo honen historian mugarri da (akordioa), eta espero dugu horren bidez arazoetako asko konpontzeko moduan izatea, kaltea ordaintzeko oinarria jarri, justizia izan eta Elizan gardentasuna egotea, orain arte iluna izan baita", esan du Zudairek.
Santos kontseilaria Elizak Gobernuarekin duen harremanaz mintzatu da: "Beti mantendu izan dugu komunikazioa Eliza Katolikoarekin, eta beti helarazi izan diegu zein den gure iritzia. Uste dugu jarrera positiboa dagoela zentzu horretan. Giza eskubideen urraketa argiez ari gara, eta konpontzea ezinbestekoa da".
Santosek, halaber, Foru Erkidegoan garatzen ari den Elizen biktimei babesa emateko lege proposamena ere izan du hizpide: "Talde parlamentarioen babesa behar dugu, haien artean hitz egiten ari dira. Uste dugu Administrazio Publikoak esku hartu behar duela, eta dagoeneko horretan ari da".
Kontseilariaren ustean, "urrats bat eman eta batzorde bat eratu beharko litzateke, biktima bakoitzari aitortza modu argian egiteko". "Elizak gertatutakoa argitzen lagundu dezake", erantsi du.
Amaia Alvarez: "Ez dut uste Nafarroako Elizak ikerketan lagunduko duenik"
Amaia Alvarez historialaria Nafarroako Elizaren abusuak bildu dituen txostenaren egileetako bat da, eta, bitimak legez aitortuko dituen legearen tramitazioaren atarian, ez du uste hainbat urtez izandako gehiegikeriak argitzeko ikerketan "Nafarroako Elizak lagunduko duenik".
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak egindako elkarrizketa batean Alvarezek esan duenez, unibertsitateak 2021ean abiatu zuen lehen ikerketa, Elizaren biktimak identifikatzeko, eta duela bil hilabete inguru aurkeztu zuten. Lan hori "oinarria izan da haritik tira egiteko eta orain legea garatzeko".