Gizartea -

Gipuzkoa

Osasun Sailak ez ditu Bidasoko Ospitaleko ebakuntza gelak itxiko lanek dirauten artean

Kirurgia sailean lanak egin bitartean, 18 bat hilabetez, gelak zarratu eta ebakuntzak Onkologikoan egitea zen Osakidetzaren lehen asmoa. Ospitaleko langileak eta eskualdeko bizilagunak itxieraren aurka agertu dira.

Azkenean ez dituzte ebakuntza gelak itxiko. Argazkia: Osakidetza
Bidasoko Ospitalaren sarrera.
Azkenean ez dituzte ebakuntza gelak itxiko. Argazkia: Osakidetza

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasierako asmoa bestelakoa bazen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu Bidasoko Ospitaleko (Irun, Gipuzkoa) ebakuntza gelak itxiko bertako kirurgia saila eraberritzeko lanek dirauten artean.

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailak urrian iragarri zuenez, erietxeko kirurgia saila eraberritzeko lanak egin bitartean, 18 bat hilabetez, ebakuntza gelak zarratuta izan nahi zituzten. Tarte horretan, ebakuntzak Donostiako Onkologikoan egitea zen Osakidetzaren asmoa.

Iragarpenak erietxeko profesionalen haserrea eragin zuen. Bidasoko eskualdeko bizilagunak ere itxieraren kontra azaldu ziren, eta Osasun Bidasoa plataforma eratu zuten, aurkako iritzia sozializatu eta mobilizazioak egiteko. Hain justu, plataformak deitutako manifestazioan parte hartu zuten ehunka lagunek otsailean. EAJ kenduta, Irungo Udalean ordezkaritza duten talde guztiak Osasun Sailaren erabakiaren kontra azaldu dira.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak asteon iragarritakoaren arabera, Sagarduik berak baieztatu dio Osasun Saila beste proiektu bat prestatzen ari dela lanak ebakuntza gelak itxi gabe egin ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Medikuak Erizaintza Donostia Ospitalea