Gizartea -
Udaberriko Bilketa
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko elikagai-bankuek gaur ekingo diote Udaberriko Bilketari
Bilketa maiatzaren 2tik 7ra egingo da Eroski eta BM supermerkatuetan. Antolatzaileek kanpaina honen garrantzia nabarmendu dute, krisiak eta inflazioak gero eta pertsona gehiagori eragiten baitie. Aurten, gainera, Ukrainatik etorritako 200 lagun gehitu zaizkie laguntza behar duten pertsonei.
O. P. | EITB Media
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko elikagai-bankuek Udaberriko Bilketa egingo dute aste honetan, maiatzaren 2tik 7ra, Eroski eta BM supermerkatu-kateetan. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo kanpaina "oso beharrezkoa" da krisiaren eta inflazioaren ondorioz familia ahulenen egoera arintzeko eta errefuxiatu ukrainarrak artatzeko.
Erakunde horien arabera, gaurtik ostegunera elikagai-bonuaren bidez egingo da bilketa, boluntariorik gabe; ostiralean eta larunbatean, aldiz, bilketa fisikoa egingo da supermerkatuetan, bezeroek Elikagaien Bankuari eman nahi dizkioten produktuak jasoko dituzten boluntarioen laguntzarekin.
Pandemia dela medio, bilketa fisiko hau ezin izan da egin azken kanpainetan, baina, osasun-egoerak hobera eginda, jendeak nahiago duten aurrez aurreko sistema erabili ahalko dute oraingoan.
Bizkaiko Elikagaien Bankuaren esanetan, "krisi ekonomikoak eta inflazioak jende askoren baldintza soziekonomikoetan izan duten eraginaren ondorioz, beharrezkoa da kanpaina hau behar gehien dutenei laguntzen jarraitu ahal izateko. Gainera, egunetik egunera hazten doan eta laguntza behar duten pertsonen kopuru horri 200 errefuxiatu ukrainar baino gehiago gehitu zaizkie".
Carlos Martínez Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteordeak ere azpimarratu du eskaria nabarmen handitu dela urtea hasi zenetik. Gipuzkoan, apirilaren amaieran abenduan baino 800 pertsonak baino gehiagok behar zuten laguntza, eta horien "erdia inguru" Ukrainatik etorritako familiak lirateke.
Elikagai-bankuek gizartearen erantzun "bikaina" espero dute oraingoan ere, beste kanpaina batzuetan gertatu den bezala.