Gizartea -
Ertzaintza
"Ertzainak", Ertzaintzaren eguneroko lana erakusten duen dokumentala
Dokumentala Eduardo Araujo kazetariak zuzendu du eta Ertzaintzaren 40. urteurrena dela eta egin dute. Estreinaldia Bilboko BBK Aretoan burutu dute.
EITB MEDIA
"Ertzainak" dokumentala estreinatu dute arratsalde honetan Bilboko BKK Aretoan. Ertzaintzaren eguneroko lana erakusten duen filma Eduardo Araujo kazetariak zuzendu du eta soinu banda Country Basque folk-rock taldeak jarri dio.
Estreinaldian Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Ertzaintzako buruzagiak, Victoria Landa eta Josu Bujanda, izan dira.Ertzaintzako agente ugari eta sindikatuetako ordezkariak ere han izan dira.
Halaber, hainbat kargu politiko bertaratu dira, tartean Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea eta Gorka Urtaran EUDELeko presidentea.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere bertan egon behar zuen, baina ezin izan da joan positibo eman duelako covid-19aren proban.
Ertzaintzaren 40. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekimen baitan egin dute dokumentala, Polizia autonomikoaren egunerokotasuna herritarrei erakusteko asmoz.
Estreinaldiaren ekitaldia Sandra Ranea komisarioak aurkeztu du eta dokumentala amaitu ostean solasaldi bat egin dute. Mahai-inguruan Eduardo Araujo zuzendariak, Xabier Salizarmendariz Country Basque taldeko musikariak eta Josu Eguren zinemagintzako adituak hartu dute parte, baita dokumentalean agertzen diren hiru ertzainek ere.
Dokumentala datorren igandean, maiatzaren 8an, emango dute ETBn.