Gizartea -
A-15, itxita
A-15 errepidea erabat itxiko dute asteburu honetan Gipuzkoako zatian
Belabietako obrak amaitutzat emateko eta autobidea trafikoari berriro ireki ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak bypasseko elementuak tuneletik kendu eta simulakroa egin behar du elementu guztien kontrol-sistema berrikusteko.
EITB Media
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ostiralean, maiatzak 6, 22:00etan, A-15 autobia erabat itxiko dute zirkulaziorako, bi norabideetan, Andoaingo lotunearen eta Berastegiko lotunearen artean.
Tunela berriro irekitzeko eta Belabietako lanak amaitutzat emateko beharrezkoak diren zenbait lan egingo dituzte. "Autobidea trafikora guztiz ireki ahal izateko euste-hesi bat jarri behar dugu eta tunel berrituaren elementu guztiak kontrolatzeko sistema berrikusi. Gainera, Belabietako obrek iraun duten 11 hilabeteetan zirkulazioa bideratu den hoditik bypasseko elementu guztiak kendu behar dira", azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.
Aurreikusitako lanak egiteko, zirkulazioa erabat eten behar dute bi noranzkoetan 48 orduz. Andoainerako noranzkoan, Berastegiko lotunetik egingo da mozketa, eta Iruñerako noranzkoan, berriz, Andoaindik, Sorabillako lotunetik. Autobia bi noranzkoetan moztuko dute maiatzaren 6ko 22:00etatik maiatzaren 8ko 22:00etara.
Autobidearen itxierak erabiltzaileak beste ibilbide batzuk hartzera behartuko ditu. Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, gomendatutako ibilbidea N-I errepidea izango da Altsasuraino, ondoren Irurtzunen Sakanako Autobidea (A-10) hartzeko. Berastegi, Elduain edo Berrobira joateko, esaterako, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko loturan bira egin ahalko dute eta Tolosatik Leitzara doan errepidetik (GI-2130) joan.
Gipuzkoatik Nafarroarako ibilbide luzeetarako, Iruñerako noranzkoan egindako mozketaren ondorioz, A-15eko erabiltzaileek N-Ietik jarraitu beharko dute Gasteizerako noranzkoan Altsasuraino, eta, ondoren, Sakanako Autobidetik (A-10) joan beharko dute Irurtzuneraino. Lekunberri edo Leitza helmuga duten ibilgailuek, aukeran, Tolosatik Lekunberrira doan errepidea (GI-2135) erabili ahalko dute.
Aldunditik gogorarazi dutenez, autobidea itxita dagoen bitartean, debekatuta egongo da ibilgailu astunak Tolosatik Lekunberrira (GI-2130) igarotzea, eta, beraz, kamioiek N-I errepidea hartu beharko dute ordezko bide gisa.
Lanak amaitu bezain pronto, A-15 autobidea erabat zabalduko da, bi norabideetan.