Gizartea -
Gaixo kronikoentzako plana
Osakidetzak 331 milioi euro aurreztuko ditu datozen hiru urteetan
Bengoaren ustez, osasun sistemaren egonkortasuna bideratzeko murrizketak baino "bide askoz hobea dira" Euskadin gaixo kronikoen Estrategia bideratzeko abian jarritako erreformak.
Erredakzioa
Euskadiko gaixo kronikoen estrategia bideratzeko osasun sisteman ezarritako erreformei esker, datozen hiru urteetan, 2012tik 2014ra, 331 milioi euro aurreztuko direla adierazi du Rafael Bengoa Osasun sailburuak. Halaber, zenbateko horri, 2011n aurreztutako 28 milioi euroak batu behar zaizkiola erantsi du.
Osasun sailburuak martxan jarritako neurrien balantzea egin du prentsaurreko batean, azaldu duenez, gaixo kronikoek osasun arloko gastuaren % 70 eragiten dute.
Bengoaren iritziz, duela hiru urte martxan jarritako erreformek (gaixo kronikoak artatzeko ospitaleak, presentziala ez den asistentzia, gaixoak bere burua zaintzeko programak, koordinazio neurriak...) gaixoari on egiteaz gain, osasun sistemaren egonkortasuna lortzeko murrizketak baino "askoz aukera hobea dira".
Sailburuaren kalkuluen arabera, Euskadin martxan jarritako proiektuak direla eta, 2012an 60 milioi euro aurreztuko dira, 102 milioi euro 2013an eta 169 milioi euro 2014an.
Halaber, Rajoyren Gobernuak osasun arloan egindako murrizketak ez direla konponbidea iritzi dio Bengoak eta Espainian "Autonomia Erkidegoetan oinarritutako osasun sistema berregituratu beharrean, elkarrekin erabaki behar" dela iritzi dio.
Jaurlaritzak gaixo kronikoak artatzeko neurri desberdinak jarri zituen martxan duela hiru urte, 14 urtez gorako herritarren % 30 dira, hain zuzen, gaixo kronikoak.
Osasun Sailaren arabera, gaixo kroniko batek beste edozeinek baino 47 bider handiagoa den gastua eragiten du, eta 2040 . urtean 65 urtetik gorakoen artean gaixo kronikoak bikoiztu egingo dira.