Gizartea -
Urdangarin auzia
Torresen disko gogorra ikertzen ari da Polizia
Castro epaileak gailua aztertzeko agindua eman du, Diego Torres bazkide ohiak, ustez, Urdangarini presioa egiteko erabili nahi zituen 200 mezu elektroniko aurkitzeko.
Erredakzioa
Balearretako Poliziaren Buruzagitza Nagusiak Madrilera bidali du Diego Torresen etxebizitzan aurkitutako disko gogorra, Polizia Zientifikoak ikertu eta mezuak bila ditzan. Inputatuaren arabera, gordeta ditu mezu horiek, eta Urdangarini horiekin presioa egiteko asmoa zuen, Espainiako erregeari buruz omen duten informazio konprometigarria baliatuz.
Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuaren iritzian, ez dira existitzen dukeari presioa egiteko Diego Torresek erabili nahi omen zituen mezu elektronikoak, erregearen inguruko eduki konprometigarriak omen zituztenak. “Ez direla existitzen ematen duela esango nuke”, esan die abokatuak Bartzelonan bere bulegoaren aurrean zeuden hedabideei.
Astelehenean, Palma Arena auziko instrukzioko epaileak, Jose Castrok, eman zuen aginduaren inguruko probidentzia bat jaso zuela onartu du. Torresi atzemandako disko gogorra aztertzeko agindua eman zion bertan Poliziari epaileak.
Palmako Auzitegiak hilaren amaieran emango du jakitera, Manos Limpias sindikatuak eskatu bezala, Nóos Institutuaren inguruko ikerketan Cristina infanta inputatuko duen.