Gizartea -
JAIOBERRIAK
Martin eta Nahia, Nafarroan 2021ean jaio ziren haurren izenik ohikoenak
Aurreko urteetan erregistratutako izenekin alderatuta, June eta Lara sartu ziren gehien erabilitako hamar neska izenen artean; mutilei dagokienez, Hugo, Enzo, Javier eta Markel dira lehen hamarren artean berriak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Martin eta Nahia dira Nafarroan 2021ean gehien jarri ziren izenak, ostiral honetan Nafarroako Estatistika Erakundeak argitaratu duen jaiotzen estatistikaren arabera. Aurreko urtean 5.059 ume jaio ziren Foru Erkidegoan: 2.454 neska eta 2.605 mutil.
Mutilen artean, Martin izan zen jaioberriei gehien jarritakoa, 47 mutili jarri baitzieten; zerrendan hurrengo postuetan, Mateo (46) eta Julen (37) daude. Neskei dagokienez, Nahia 37 umeri jarri zieten, eta Ane eta Irati asko erabili ziren, 36 aldiz jarri baitzuten bakoitza.
Nafarroa 2000 zonifikazioaren arabera, Ipar-mendebaldean Laia eta Aiur izan ziren gehien erabili ziren izenak, eta Pirinioaldean eta Estellerrian Ane eta Diego, eta June eta Oier, hurrenez hurren. Iruñean, nesken artean Nahia nagusitu zen eta mutilen artean Mateo. Ainara eta Aiur izan ziren Nafarroako Erdialdeko Ekialdean gehien jarri zirenak, eta hegoaldeari dagokionez, Claudia eta Javier nagusitu ziren Erribera Garaian eta Lucia eta Leo Tuteran.
Aurreko urteetan erregistratutako izenekin alderatuta, June eta Lara sartu ziren gehien erabilitako hamar neska izenen artean, eta mutilei dagokienez, Hugo, Enzo, Javier eta Markel. Aitzitik, lehen hamar posizioetatik desagertu ziren Valeria, Maria, Aimar eta Ibai.
Bestalde, neska jaioberrien artean 997 izen ikus daitezke, eta mutil jaioberrien artean, berriz, 949. 2021. urtean, 1.946 izen erregistratu ziren, eta horien % 31,5 izen konposatuak izan ziren.
Gurasoen jatorriari dagokionez, espainiar nazionalitatea zuten gurasoen artean Martin eta Ane nagusitu ziren. Gurasoetako bat Espainiako Estatukoa eta bestea atzerritarra zenean, Diego eta Nahia gailendu ziren. Bi gurasoak atzerritarrak zirenean, berriz, Mohamed eta Sara. Atzerriko familiek, nagusiki, izen konposatuak jarri zituzten.
Halaber, gurasoen artean Maria eta Javier izenak dira nagusi, eta gero eta handiagoa da amaren deitura lehen tokian duten neska-mutilen kopurua.