Gizartea -

ERABAKIA, AZTERGAI

Giza papilomaren birusaren kontrako txertoa mutilei ere jartzea aztertzen ari dira

GPBaren kontrako txertoa neskei bakarrik jartzen zaie gaur egun baina adituen arabera, mutilei ere jartzea garrantzitsua litzateke transmisioa eteteko. Katalunian datorren kurtsoan hasiko dira eta beste erkidegoak aukera hori aztertzen ari dira.

Haur bar txerto bat jasotzen. Argazkia: EFE
Haur bar txerto bat jasotzen. Argazkia: EFE
Haur bar txerto bat jasotzen. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela 15 urte hasi ziren Espainiar Estatuan GPB edo giza papilomaren birusaren kontrako txertoa jartzen neskei, umetoki-lepoko minbizia gutxitzeko, eta orain, Txertaketa Programa eta Erregistroaren Ponentzia -Txertoen Ponentzia deitu ohi dena- txerto hori mutilei ere ematea aztertzen ari da.

Kataluniak hala egitea erabaki du eta datorren kurtsotik aurrera, formula nonabalentea jarriko die LH 6ko (11 eta 12 urte) mutilei. Gainontzeko autonomia erkidegoak, EAE eta Nafarroa tartean, gaia aztertzen ari dira baina Txertoen Ponentziaren ebazpenari itxarongo diote erabakia hartzeko. Laster izan daiteke hori.

Espainiako Pediatria Elkarteak (AEP) hiru urte daramatza mutilak ere txertatzea eskatzen; besteak beste, Australian, AEBn eta Dinamarkan egiten duten bezala. "Ez dago genero ezberdintasunik sexu bidez transmititzen den gaixotasun batean: ekidin nahi baduzu, minbiziaz haratago, eta horretarako eraginkorra den txerto bat baduzu, gizonei eta emakumeei jarri behar diezu; bestela, ezin da infekzio hori desagerrarazi" azaldu du Valentin Pineda Kataluniako Txertaketaren Kontseilu Aholkulariko kide eta AEPko Txertaketa Batzorde Aholkulariko kide denak.

"Ikusi da sexu harremanak hasi baino lehen txerto hau emateak minbizia izateko arriskua asko murrizten duela" defendatu du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzu buruak ere igandeko Osasun Etxea saioan: "Kontua da birus hau bai gizonezkoek bai emakumezkoek dutela. Txertoa neskei ematen zaie minbizia beraiek garatzen dutelako. Orduan, zein da mutilei emateko arrazoia? Bada, mutilek ere transmititu dezaketela eta hainbat ikerketek erakutsi dute transmisioa eteteko askoz ere eraginkorragoa dela biei ematea. Emakumeen minbizia kasuetan murrizketa handiago da bi sexuak txertatzen direnean; beraz, denentzat da onura" azaldu du Zubiak, "urteak daramatzan txertoa da, ez du albo ondorio berezirik eta eraginkortasuna ondo frogatua du".

Sexu harremanak izaten dituztenen % 80 kutsatzen dira papilomarekin, gehienak modu arin edo asintomatikoan

Sexu harremanak izaten dituztenen % 80 kutsatzen dira papilomarekin, gehienak modu arin edo asintomatikoan, baina batzuetan, gaiztotu eta tumorea eragin dezake. Praktikan, cervix edo umetoki-lepoko minbizia kasuen % 99 birus honek eragiten ditu. Ebidentzia zientifikoa dago, gainera, birus honen eta aluko zein baginako minbiziaren artean, baita soilik emakumeenak ez diren beste minbizia mota batzuen artean ere: uzkikoa, zakilekoa eta orofaringekoak -ahoa, mingaina, laringea eta faringea-, adibidez. Azken kasu horiek aregotu egin dira azken urteotan gizonezkoen artean eta horiek ere murriztu ahal izango lirateke mutilak txertatuta.

Gaur egun 12 urteko neskei jartzen zaie GPBaren kontrako txertoa, bi dositan banatuta, 5-6 hilabeteko tartearekin. Adin horretatik aurrera, eta 18 urtera arte, txertatuta ez dauden edo partzialki txertatuta dauden emakumeak ere txertatu daitezke. 15 urte baino gehiago izanez gero, 3 dosi jartzen dira.

Arrisku taldeetako pertsonei ere gomendatzen diete: WHIM sindromea dutenei, Hiesa dutenei, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei, prostituzioan aritzen diren pertsonei eta umetoki-lepoko kirurgia jasan duten emakumeei.

2020ko datuei erreparatuz gero, Espainiar Estatuko GPB txertaketa tasa % 81,8koa izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoan % 88,8koa izan zen txertaketa tasa eta Nafarroan, % 94,2koa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak albisteak gaur Txertoak