Gizartea -

Indarkeria matxista

913 emakumek salatu zuten indarkeria matxista iaz Hego Euskal Herrian

2020ko datuekin alderatuta, hazi egin da biktima kopurua (65 gehiago), INE Espainiako Estatistika Institutuak urtero egiten duen genero indarkeriaren datuen arabera.

Elkarretaratze feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE
Elkarretaratze feminista bat.
Elkarretaratze feminista bat. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021ean, Hego Euskal Herrian 913 emakumek salatu zituzten euren bikotekide edo bikotekide ohi matxistak genero indarkeriagatik, INE Espainiako Estatistika Institutuak iazko urteari dagokion Genero eta Etxeko Indarkeriaren Estatistikaren arabera. 

Gogorarazi behar da datuok Poliziaren aurrean zein judizialki salatutako indarkeria kasuak bakarrik biltzen dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroaren kasuan, aurreko urtean baino 65 emakume gehiagok eman zuten erasotzaile matxista salatzeko pausoa, 2020an, 848 biktima erregistratu ziren eta. Ehunekotan jarrita, ia % 10 igo zen biktima kopurua EAEn, eta % 3,5, Nafarroan.

Igoera horiek gorabehera, Espainiako Estatuan biktimen tasa txikiena duten erkidegoen artean daude EAE eta Nafarroa (14 urtetik gorako 1.000 emakumetik zenbatek salatu duten). Are gehiago, Euskadi da tasarik txikiena duena (0,6), eta Foru Erkidegoa laugarrena da (1,0). Ifrentzuan, Errioxak (2,5eko tasa) eta Murtziak (2,3) dituzte tasa altuenak (Espainiako batez bestekoa 1,4koa da).

Espainiako Estatuan, 30.141 emakume zenbatu zituzten indarkeria matxistaren biktima gisa, aurreko urtean baino % 3,2 gehiago. Biktimen ia erdiek (% 47,5) 30 eta 44 urte artean zituzten —batez besteko adina 36,9 urtekoa izan zen—. Bestalde, adingabeen artean hazi ziren gehien salaketak: 2020an, 514 neskek salatu zuten indarkeria matxista; 2021ean, 661 izan ziren (% 28, 6 gehiago).

Erasotzaileei dagokienez, 30.047 gizonezko erregistratu zituzten tratu txar emaile gisa, 2020an baino % 3,1 gehiago. Kasu honetan ere, adingabeen artean hazi zen gehien kopurua (% 70,8), baita 18-19 urtekoen artean ere ( 15,7).

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa