Gizartea -

Gipuzkoa

Hegazti-gripearen kutsatze-tasa jakin arte, etxeko hegaztiak konfinatzea gomendatu dute erakunde publikoek

Basozainak egoeraren nondik norakoak aztertzen ari dira, eta, emaitzak jakin arte, biosegurtasun neurriak indartzea gomendatu dute, etxeko hegaztiak basatiekin kontakturik izan ez dezaten. Emaitzak izan ondoren, neurriak berrikusiko dituztela ohartarazi dute.

Hegazti-gripearen arriskua areagotu ondoren, biosegurtasun neurriak zorroztea gomendatu dute.
Hegazti-gripearen arriskua areagotu ondoren, biosegurtasun neurriak zorroztea gomendatu dute.
Hegazti-gripearen arriskua areagotu ondoren, biosegurtasun neurriak zorroztea gomendatu dute.

play icon 8:18

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan, basozainek Azpeitia eta Beasain artean jasotako sai batek hegazti-gripea zuen, eta Urnietako Arizmendi zentroko beste bat kutsatu zuen egunotan. Horren aurrean, Mikel Azpiri Gipuzkoako Nekazaritza eta abeltzantzako Sustapen eta Osasun zerbitzuburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan azaldu duenez, gure inguruan patogenotasun handiko H5N1 birusaren zirkulazioa dagoen ala ez jakiteko azterketak egiten ari dira. Halere, gogoratu du gaitz hori ez dela arriskutsua gizakien artean.

Azpirik gogoratu duenez, basozainek hartutako saia "seguruenik" sarratsen bat jaterakoan kutsatu zen, eta "ez dakigu non egin duen, bidai luzeak egiten dituztelako". Hala, orain arte hartutako neurriak birus horren zirkulazioaren egoera jakiteko hartu dituztela azpimarratu du: "Basozainak hegaztiak pilatzen diren lekuetan azterketak egiten ari dira, horietatik baten bat kutsatuta dagoen ala ez jakiteko".

Emaitzak zeintzuk diren dakitenean, hartu beharreko neurriak berrikusiko dituztela iragarri du Azpirik. Bien bitartean, etxeko hegaztiak dituztenek horiek konfinatzea gomendatu du, baita biosegurtasun neurriak indartzea ere, animalia horiek basatiekin kontakturik izan ez dezaten. Era berean, jatekoa, edatekoa eta bestelakoak barruan ematea eskatu du Azpirik, "eta kanpoan daudenean, zaintzapean egotea".

Ustiategiren batean hegazti-gripe kasuren bat konfirmatuz gero, bertan dauden hegazti guztiak hil beharko dituzte; gainera, ingurua desinfektatu eta berme guztiak izan arte, ezin izango dute hegazti gehiago izan bertan. Autokontsumorako hegaztien jabeek ere gauza bera egin beharko dute gaitza atzematekotan.

Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, oso-oso kutsakorrak hegazti-espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Espainiako Estatuko patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) egungo olatu epizootikoan H5N1 azpimota da nagusi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Euskadi Irratia