Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Bi pertsona zigortu dituzte Osakidetzari, Osasunbideari, udalei eta beste erakunde batzuei iruzur egiteagatik

Guztira, talde kriminalak 2 milioi euroko kaltea egin die Estatu osoko erakundeei. Gainera, milioi bat euro baino gehiagoko iruzurra ere egin die partikularrei.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak gizon bat eta emakume bat zigortu ditu 55 administrazio publikori iruzur egin zien erakunde kriminal batean parte hartzeagatik. Besteak beste, Hego Euskal Herriko zenbait udali, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko osasun-zerbitzuei eta Estatuko zenbait ospitaleri, unibertsitateri, partzuergori eta erakunderi. Zerbitzuren bat kobratu ez zuten ohiko hornitzaileak zirela esaten zieten biktimei. Estatuari egindako kaltea bi milioi eurokoa da osorik.

Europa Pressek jaso duen epaiaren arabera, erakunde kriminal hori 76 erakunde publikorekin harremanetan jarri zen. Horietatik 21 ez ziren inoiz ordaintzera iritsi, baina beste 55 entitateek guztira 690.772 euro ordaindu zizkieten iruzurgileei. Kopuru horren zati bat bankuek blokeatu zuten, eta, beraz, 22 iruzurgilek diru guztia eta bederatzik zati bat berreskuratu ahal izan zuten.

Zigor arloko aretoak frogatutzat eman du bi akusatuek agiri faltsuak erabiltzen zituztela erakunde publikoei zein partikularrei egindako iruzurren bidez dirua irabazteko. Faltsifikazio horiek dirua mugitzeko aukera ematen zien "giltzarria" ziren. Ikertuetako batzuek hainbat herrialdetako "hamarnaka" nortasun-agiri erabiltzen zituzten. "Banketxeek ia ezinezkoa da horiek antzematea", esan du Auzitegiak.

Auzitegi Nazionalak 5 urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizonari eta 2 urte eta erdikoa emakumeari, iruzur eta faltsutze delitu jarraituengatik, erakunde kriminaleko kide izateagatik. Biei onartu die aringarriak: delituak onartzeagatik eta, emakumearen kasuan, kaltea konpontzeagatik ere bai. Gainera, hurrenez hurren, 990 eta 540 euroko isuna jarri die, Fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren.

Hainbat udali mila euro gehi interesak ordaindu beharko dizkiete. Tartean daude Bilbo, Portugalete, Amorebieta-Etxano (Bizkaia) eta Zarauzko (Gipuzkoa) udalak.

Osasunbideari eta Osakidetzari iruzurra egin zieten. Nafarroako Osasun Zerbitzuari 36.629 euroko iruzurra egin zioten, eta EAEkoari 35.000 eurokoa. Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea eta Bilboko Ur Partzuergoa ere talde kriminal horren biktima izan ziren.

Espainiako Estatuko beste erakunde batzuei iruzur egin zieten, hala nola, Madrilgo Erkidegoari; Almeria, Albacete eta Castelloko udalei; Castelloko eta Bartzelonako diputazioei; La Lagunako eta Santiago de Compostelako unibertsitateei, eta Bartzelonako ospitale klinikoari.

Ohiko hornitzailetzat aurkezten zituzten euren buruak

Erakunde publikoekin harremanetan jarri baino lehen, hornitzaileekin eta zerbitzuak ematen zituzten enpresekin egindako kontratuak aztertzen zituzten. Fakturak eta eskaerak eskuratu ondoren, hurrengo urratsa kobratzeke zituzten eta administrazioei posta elektronikoz deitzen edo idazten zieten konpainiak ordeztea zen, ordainketa kitatzeko kontu-zenbakia aldatu zutela jakinaraziz.

Jarduteko modu horrek "egiaztatzeko eta kontrolatzeko sistema" bat zuen. Horren bitartez, iruzurgileek "egiazkoa ez den informazioa duten" dokumentuak helarazten zizkieten biktimei, kontu-zenbakiaren aldaketaren berri ematen zutenak, engainua mozorrotzeko.

Norbanakoei iruzur egiteko, Internet erabiltzen zuten. Iruzur mota desberdinekin jarduten zuten: bankuko "phising"-a, eta engainuak ondasunen eta zerbitzuen salerosketan edo aldi baterako edo turismoko alokairuetan. Azken hori izan zen "agian gehien erabili zuten" metodoa, batez ere udan.

Pertsona fisikoak edo juridikoak izan, 705 kaltetu partikular daude Espainiako Estatuan. Guztira, 1.183.642 euroko iruzurra egin da. 426 biktima identifikatu dituzte, eta 365ek salaketa jarri dute dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Gizartea Eguneko albisteak Albisteak