Gizartea -
GIZARTE ZERBITZUAK
Eguneko zentro bat ireki dute Bilbon etxerik gabeko pertsonentzat
Erabiltzaileek sostengu emozionala eta gizarte eta hezkuntza arloko laguntza jasoko dute, gizarteratzen hasteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilboko Udalak eguneko zentro bat ireki du etxerik gabeko pertsonentzat. Zentroa Elexabarriko aterpetxean dago, eta horretara kalean bizi diren eta gizarte-zerbitzuekin erlaziorik ez duten pertsonak gerturatu nahi ditu Udalak.
Gunea astelehenetik igandera egongo da zabalik, 10:00etatik 18:00etara, eta 25 pertsona arta ditzake.
Lekua sozializatzeko eta atseden hartzeko gune gisa diseinatuta dago, baina erabiltzaileek beren oinarrizko osasun, elikadura, higiene eta garbitegi beharrak ere bete ditzakete bertan.
Gainera, erabiltzaileek sostengu emozionala eta gizarte eta hezkuntza arloko arreta jasoko dute gizarteratzen laguntzeko. Halaber, etxerik gabeko pertsonen eskubideei, eta eskura ditzaketen gizarte-baliabideei buruzko informazioa ere jasoko dute.
Gizarte langile batek, hiru gizarte hezitzailek eta teknikari soziosanitario batek osatutako taldeak egingo du lan zentroan.