Gizartea -

Gaixotasunak

Europako Batzordea tximino-baztangaren bilakaera "arreta handiz" jarraitzen ari da

Nahiz eta Europan ezohiko birusa eta transmisio gaitasun "moderatua" izan, dagoeneko zenbait agerraldi atzeman dituzte Espainia, Portugal eta Erresuma Batuan.

Artxiboko irudia: EiTB Media
Artxiboko irudia: EiTB Media
Artxiboko irudia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordea tximino-baztanga Europar Batasunean izaten ari den bilakaera "arreta handiz" jarraitzen ari da; nahiz eta kontinentean ezohiko birusa eta transmisio gaitasun "moderatua" izan. Hala ere, zenbait agerraldi atzeman dituzte Espainia, Portugal eta Erresuma Batuan.

"Estatu kideekin harreman estua dugu, eta Osasun Segurtasunerako Batzordea aste honetan bildu da, eta hurrengo asteartean berriz batzartuko da", azaldu du Stefan Keersmaecker Osasun bozeramaileak Bruselan.

Agerraldiak "aztertzeko bilerak sarritan" egingo ditu batzordeak, gobernu, erakunde eta EBko agentzien artean "informazio-jario ona" ziurtatzeko. Bestalde, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) premiazko bilera deitu du tximino-baztangaren bilakaeraren aurrean.

Carolina Darias Osasun ministroak ostiral honetan jakitera eman duenez, beste bi laginek positibo eman dute baztangan, bigarren analisian. Guztira, Espainiak 23 kasu baieztatu ditu dagoeneko, baina oraindik tximinorenak diren ala ez jakiteko sekuentziatu behar dituzte.

Portugalek ere bederatzi kasu berri baieztatu ditu azken orduetan. Horrela, 23 positibo zenbatu ditu jadanik, baina osasun agintariek gehiago izatea espero dute, laginen emaitzen zain baitaude.

Bestalde, Belgikak bi kasu atzeman ditu azken 24 orduetan, Marc Van Ranst birologoak iragarri duenez. Bigarren positiboa baieztatuz gero, kutsatua lehenengo gaixoaren harremana izango litzateke.

"Lovainako laborategian tximino-baztangaren bigarren kasua diagnostikatu dugu gauean", esan du Van Ranstek Twitter sare sozialean. Flandriako Brabante eskualdeko gizon baten lagina dela zehaztu du adituak.

Era berean, Frantziako Osasun Zuzendaritza Nagusiak positibo bat baieztatu du, 29 urteko gizonezko batena. Azken hilabeteetan bidaiarik egin ez duen pertsona da.

EBtik kanpo, Sajid Javid Erresuma Batuko Osasun ministroak 11 kasuren berri eman du. Guztira, 20 positibo zenbatu dituzte dagoeneko.

Australian, tximino-baztanga atzeman dute 30 urteko gizon batean; duela gutxi Erresuma Batutik itzuli da, eta Melbournen, iragan astelehenean, lur hartu baino lehen sintoma arinak zituen.

Azkenik, Kanadako osasun buruzagiek tximino-baztangaren aurreneko bi kasuak baieztatu zituzten ostegun gauean, biak Montreal hirian. Hala ere, beste 20 kasu aztertzen ari direla erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Belgika Erresuma Batua Espainia Frantzia Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Sendagileen albisteak Portugal Australia Botikak albisteak Kanada Munduko Osasun Erakundearen albisteak Tximino-baztanga gaur