Gizartea -
BAXOA
Azterketak euskaraz egin ahal izateko Seaskak egindako eskaria gaur aztertuko du Paueko Auzitegiak
2019an EEPk, Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak berak izenpetu zuten hitzarmena ez betetzea leporatzen diote Frantziako estatuko administrazioari. Ikasleek Baxoko azterketa batzuk euskaraz egin ahalko zituztela adostu zuten hiru erakundeek.
EITB MEDIA
Arratsaldean aztertuko dute Paueko Administrazio Auzitegian Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aurka eskatu duen berehalako prozedura azterketak euskaraz egin daitezen. Peio Jorajuria Seaskako presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez Frantziako Estatuak, Seaskak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2019an hitzartutakoa izango da auzian baliatuko duten argudio nagusia.
Orduan, ikasleek Baxoko azterketa batzuk euskaraz egin ahalko zituztela adostu zuten hiru erakundeek, baina Ikastolen Elkarteak salatu duenez, Frantziako Hezkuntza Ministerioa urratzen ari da hiru erakundeek 2019an adostutakoa, alegia, ikasleek probak euskaraz egiteko aukera.
Epaia ez da gaur ezagutuko, baina ekainaren 20a da epemuga; izan ere, orduan hasiko dira Baxoko Ahozko Handiaren probak eta euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu du Seaskak.
Auziak urteak daramatza bizirik. Orain arte egin diren negozioazio, protesta edo adierazpenek ez dutenez fruiturik eman, eta, beraz, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak auzitegietara jotzea erabaki du lehen aldiz ikastoletako ikasleek Frantzian derrigorrezkoak diren bi azterketak, brebeta eta baxoa, euskaraz egin dezaten aldarrikatzeko.
Probak hasi dira eta ikasleek dagoeneko galdu dute hainbat azterketa euskaraz egiteko aukera, orain artekoak frantsesez egin baitituzte. Ahozko Handia gutxienez euskaraz egitea nahi dute.