Gizartea -
M15eko lehen urtemuga
Ehunka 'sumindu' Solen bildu dira atxiloketen aurka protestatzeko
Bart 18 lagun atxilotu zituzten Madrilgo Sol plaza hustu zutenean. Igande honetan plazak eta kaleak hartu dituzte berriro M15 mugimenduaren lehenengo urteurrena ospatzen jarraitzeko.
Erredakzioa
Ehunka 'sumindu' bildu dira igande arratsalde honetan Madrilgo Soleko plazan bart izandako 18 atxiloketen aurka protestatzeko. "Herriaren ahotsa ez da legez kanpokoa", "ez gaude guztiak, 18 falta dira", "demokrazia deitzen diote eta ez da" bezalako oihuak izan dira bertan entzungai.
Ondoren, mugimenduaren Legezko Batzordeko ordezkariek agiri bat irakurri dute eta bart Sol husteko Poliziak erabilitako "basakeria" salatu dute.
Sare sozialen bitartez hainbat 'sumindu'k zabaldu dutenez, Madrilgo hainbat plazatan izan diren batzordeetan adostutakoa amankomunean jartzeko 22:00etatik aurrera Solen berriro biltzeko asmoa dute. Ordu horretan bertan egoteko Gobernuko Ordezkaritzak eskainitako baimena bukatzen da.
'Desobedientzia'
Litekeena da bart atxilotutako 18 'suminduei' "agenteei eraso, aurre egin eta desobedientzia" delitu bat leporatzea eta Kode Penalaren arabera, baliteke 2 eta 4 urteren arteko espetxe-zigorrak ezartzea. Barne Ministerioak jakitera eman duenez, bederatzi atxilotu aske utziko dituzte baina epailearen aurrera agertzeko betebeharra izango dute.
Solen bart izan zen 'sumindu'etako batek esan duenez, "M15aren urtemugaren ospakizuna ondo zihoan hasiera batean baina 05:00ak aldera Polizia Nazionaleko 32 furgoi plazan sartu ziren". 'Sumindu'ek giza-kate bat egin zuten, baina "agenteek gure aurka egin zuten, bultzadak eta borra-kolpeak eman zizkiguten", salatu du 'sumindu' honek.