Gizartea -
Istripua N-1 errepidean
Goizaldean istripua izan duen kamioia erretiratuta, amaitu dira arazoak N-1 errepidean Villabonan
Fruta zeraman kamioi bat irauli da goizaldeko 03:25ean Villabonan, eta 10 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira Gasteizko noranzkoan. Eguerdian kamioiaren atoia erretiratzea lortu dute eta 15:00ak aurretik lortu dute kamioiaren kabina bera kentzea. Errei denak zabalik dira dagoeneko.
EITB MEDIA
Kamioi batek istripua izan du gaur goizaldean N-1 errepidean, Villabonan, eta goizean goizetik auto-ilara luzeak sortu dira Gasteizko noranzkoan; 10 kilometrorainoko ilarak sortu dira goizeko lehen orduan, baina 15:00ak aurretik, normaltasuna da nagusi puntu horretan.
Izan ere, 12:30ak inguruan, istripua izan duen kamioiaren atoia bidetik kendu dute, garabi baten laguntzarekin. Ordu horretan errei bakarra zegoen itxita, Gasteizko noranzkoan eta auto-ilarak bi kilometrokoak ziren. 15:00ak aurretik lortu dute, azkenean, kamioiaren kabina bera erretiratu eta bidea guztiz garbitzea. Hala, errei denak zabalik dira dagoeneko eta normaltasun osoz pasa daiteke bertatik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 03:30ean fruta zeraman hozkailu-kamioi bat irauli egin da eta erdibitzailearen kontra jo du Irungo noranzkoan.
Ezbeharraren ondorioz, Gasteizerantzko eskuineko erreia itxi behar izan dute, eta baita, Irungo noranzkoan ezkerrekoa ere. Azken hori eguna argitzearekin batera zabaldu dute, baina bestea itxita egon da arratsaldera arte.