Gizartea -
Zeliakoen eguna
"Glutenaren kutsatze gurutzatua da zeliakoek jasaten duten oztoporik handiena"
Baina nola gerta daiteke kutsatze hori? Sukaldeko lanabes berak erabiliz, adibidez, glutena duten eta glutenik ez duten errezetak prestatzerakoan. Amparo Cervo EZEGUI Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteko koordinatzailearekin eta Amaia Pujana bilbotarrarekin izan gara.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Etxetik kanpo bazkaldu edo mokadu bat hartzeko unea benetako handicap bihur daiteke zeliakia duen pertsona batentzat, "are gehiago ospakizun guztiak bazkari edo afariekin egiten ditugunean", adierazi du Amparo Cervo EZEGUI Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteko koordinatzaileak. "Hor dute zailtasunik handiena gaixotasun hau pairatzen dutenek, zenbaitek ez baitute pertsona horiekiko sentsibilitaterik", gaineratu du.
Zeliakia ez da intolerantzia, patologia sistemikoa baizik, eta bizitza osorako gaixotasuna da. Forma ezberdinetan azaleratzen da; izan daiteke arazo digestiboen bidez edo bestelako sintomen bidez, eta gibelari, azalari, burmuinari eta beste organo batzuei eragin diezaieke. "Oinarri autoimmunea du eta glutenak eta glutenaren prolaminek eragiten dute, hau da, glutenaren zati txiki batzuek", azaldu du.
Baina, zer da glutena eta non dago? Proteina bat da, zereal askoren hazian dagoena: garia, garagarra, zekalea, tritikalea, espelta, eta horien hibridoak eta deribatuak. Gariaren proteinen % 80a da, eta gliadina eta glutenina ditu.
EZEGUIren koordinatzaileak adierazi du zeliakia "iceberg" baten modukoa dela: "Biztanleria osoaren % 30 baino ez dago diagnostikatuta, baina horiek baino zeliako askoz gehiago daude", adierazi du, eta diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratu du.
Amaia Pujana bilbotarrari duela 5 urte diagnostikatu zioten zeliakia, ia 40 urte zituela, 60 urteko amarekin eta ahizparekin batera. "Nire amak oso gaizki pasatu zuen, ez baitzekien zer jan. Zeliakoen Elkartera jo genuen eta asko lagundu ziguten", gogoratu du. Pujanarentzat, ordea, diagnostikoa lasaigarria izan zen. "Gaizki sentitzen nintzen, beti anemiarekin eta nutriente faltarekin nebilen, eta berri ona izan zen zeliakoa nintzela jakitea", azaldu du.
Orduz geroztik, Pujanak erabat aldatu du bere elikadura. Gaixotasunak begiak ireki dizkio eta orain askoz hobeto jaten duela aitortu du, horren aburuz, gizartea, oro har, oso gaizki elikatzen baita.
Glutenik gabeko elikagaien eragozpen nagusietako bat produktuen prezio altua dela nabarmendu du, baina berak apenas nabaritzen du; izan ere, elikagai freskoak erosten ditu, eta, ez, adibidez pastaren edo ogiaren ordezkoak. Dena dela onartu du ume txikiak dituzten gurasoentzat konplikatuago dela egoera horretara egokitzea: "Gozokiak, gailetak, txokolatea...", aipatu du.
Etxean erraz egin daiteke glutenik gabeko dieta, etxetik kanpo, baina, zailagoa da: "Beti sentitu izan naiz kuadrillako arraroa. Adibidez, lagunekin bazkaltzera irteten naizenean, mahaiaren alde batean esertzen naiz ogi apurrak ez ukitzeko, eta esajeratu hutsa naizela esaten didate", adierazi du. Bilbotarrak uste du jendeak gaixotasuna ezagutzen duela, baina gehienek ez dutela ulertzen kutsatze gurutzatuak zeliakoentzat duen garrantzia.
Cervo ere bat dator horretan. Kutsatze gurutzatua gertatzen da zeliakoentzat egokia den elikagai bat glutenaren proteinarekin kontaktuan jartzen denean, dela glutena duen produktu batek zuzenean ukituz, dela lanabesen eta sukaldeko tresnen bidez. Horregatik, oso garrantzitsua da beti higienea eta garbitasuna mantentzea.
Ulergarriagoa izan dadin, hainbat adibide eman ditu EZEGUIko koordinatzaileak: "Gluten gabeko menu bat berez erraza da prestatzeko, entsalada eta oilasko errea, adibidez. Baina entsaladari glutena duen zerbait gehitzen badiote, entsalada osoa kutsatzen da, edo oilaskoa erre bada lehenago glutenarekin zerbait prestatu den lekuan, oilasko hori ere kutsatuta egongo da". Janaria manipulatzeko orduan ere kontu handia izan behar da: "Izan liteke konturatu gabe eskuak glutena duen trapu batekin garbitzea", azaldu du.
Azken urteotan aurrerapausoak eman diren arren, Pujanak uste du etxetik kanpo jatea "loterian" jokatzea dela. Horregatik, saihesten saiatzen da: "Nire auzoan ondo egiten duten jatetxe pare bat ezagutzen ditut, baina denborarekin eta ahalegin handiarekin ikasi dute, eta nirekin ezagutu dute gaixotasuna gertutik", adierazi du. Gogoratu duenez, inoiz zerbitzariren batek "muturra okertu" dio patata-tortilla olio garbian egina ote dagoen galdetzean.
Cervok argi esan du: "Nahiz eta pertsona batzuengan eragin handiagoa izan beste batzuengan baino, gaixotasun honetan garrantzitsuena ez da oraina, baizik eta epe ertain eta luzera sor ditzakeen arazoak". Ildo horretan, gogorarazi du zeliakiak gaixotasun asko eragin ditzakeela, "baita minbizia ere".