Gizartea -
Askatasun sexualaren legea
Kongresuak askatasun sexualaren legea onartu du
Lege berriaren tramitazioak Senatuan jarraituko du orain. Azkenean, ez dute sartu prostituzioari aurre egiteko neurririk.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Kongresuak Askatasun Sexualaren Legea onartu du, talde parlamentario gehienen babesarekin. Soilik PPk eta Voxek bozkatu dute ekimenaren aurka; eta CUP abstenitu egin da. Orain testua Senatura eramango dute eta legearen tramitazioak han jarraituko du.
Berdintasun Ministerioak bultzatutako araudi berriaren arabera, pertsona batek sexu-harremanak izateko bere onespena eman duela ulertuko da, soilik, bere borondatea egintzen bidez, argi eta garbi eta askatasunez adierazten duenean. Hau da, "bai bakarrik da bai".
Halaber, legea indarrean sartzen denean, ez da abusuaren eta bortxaketaren arteko bereizketarik egingo.
Horrez gain, prozesu judizialetan biktimei laguntzeko neurriak biltzen ditu, hala nola, erasotzailea aurrez aurre ikustea ekiditeko bermeak edo areto berezietan deklaratzeko aukera.
Ildo berean, sexu-erasoak jasan dituzten 16 urtetik gorako biktimei arreta emateko 24 orduko krisi-zentroak edo adin txikikoentzako etxeak eraikitzea aurreikusten du arauak.
Gainera, aste honetan bertan Espainiako Gobernuak, ERCk, EH Bilduk eta EAJk beste nobedade bat gehitu dute testuan: sexu-erasoak egiten dituzten adin txikikoek derrigorrez parte hartu beharko dute berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko hezkuntza-programetan.
Bestalde, lege-proiektutik kanpo utzi dituzte esplotazio sexualari aurre egiteko neurriak. Berdintasun Ministerioak gai horri heldu zion bere zirriborroan, baina ez zuen adostasun nahikorik lortu.
Hainbat alderdik, tartean EH Bilduk, EAJk eta ERCk, uste du esplotazio sexualaren auziak lege propio bat behar duela, eta ekimen horiek Askatasun Sexualaren Legean sartuz gero, kontra bozkatuko zutela ohartarazi zuten. Gauzak horrela, hausnarketa hori beste baterako utzi dute.