Gizartea -
OSASUNA
Estatu espainiarrean tximino-baztangak kutsatutako emakumezko baten lehen kasua baieztatu dute
Mundu mailan sortzen ari den kezkaren aurrean, Osasunaren Munduko Erakundeak lasaitasunerako mezua igorri du, eta " herritarrak tximino-baztangaren aurka masiboki txertatzeko beharrik inon ez" dagoela esan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu espainiarrean tximino-baztangak kutsatutako emakumezko baten lehen kasua baieztatu dute, Madrilen. Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Erkidegoko Osasun kontseilariak eman du horren berri, gaur goizean, prentsaren aurrean egin duen agerraldian. Bere hitzetan, kasu honek "lotura zuzena" du "hainbat gizonezkoren artean atzemandako transmisio-katearekin".
Kutsatutako emakumezkoaren kasua "isolatua" dela nabarmendu du Escuderok, eta hori dela "garrantzitsuena" gehitu du. "Kezkatuta" zeudela onartu du, birusa emakumezkoen edota haurren artean zabaltzeak "agerraldiari beste dimentsio" bat eman ziezaiokeelako. "Kasu honetan, gizonezko baten kontaktu zuzena izateak, lasaitu egiten gaitu", esan du. Ondorioz, hartuko dituzten prebentzio-neurriak, "orain arteko berberak" izango direla azaldu du.
Txertaketa masiborik, ez
Mundu mailan sortzen ari den kezkaren aurrean, Osasunaren Munduko Erakundeak lasaitasunerako mezua igorri du, eta " herritarrak tximino-baztangaren aurka masiboki txertatzeko beharrik inon ez" dagoela esan du.
Rosamund Lewis Munduko Osasun Erakundearen baitan tximino-baztangaren jarraipen-taldeko adituak esan duenez, "kontaktuen jarraipena egitea, kasuak ondo aztertzea eta kutsatutako pertsonak isolatuta egotea" dira, gaur gaurkoz, gaitza kontrolatzeko "erreminta nagusiak".