Gizartea -
Formakuntza
EHUko Uda Ikastaroen 41. edizioak 154 proposamen eskainiko ditu, irudi berri batekin
Edizio honetan, UIK marka berria estreinatuko du Uda Ikastaroak Fundazioak, Eduardo Chillidaren logotipoarekin eta Fundazioak garatzen dituen programen erreferentziekin batera.
Agentziak | EITB MEDIA
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Uda Ikastaroen 41. edizioak 154 proposamen eskainiko ditu ekaina eta iraila bitartean, marka-irudi berri batekin.
Donostian egindako prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Roberto Iñiguez de Onsoño Irizar S Coop-eko langileen zuzendariak, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendariak 41. edizioko programa espezifiko batzuen edukien berri eman dute gaur.
Alkortak azaldu duenez, "Ezagutzaren alde" lelopean, "udako ikastaroen funtsa, zabalkundea eta ezagutzan sakontzea" transmititu nahi izan dute aurten. "Bizi behar ditugun eta gure etorkizunaren norabidea aldatuko duten gertakari disruptiboek eragindako ziurgabetasunaren aurrean, eta gure gizartea gero eta gehiago polarizatzen ari den desinformazioaren aurrean, ezagutzaren alde egitea dagokigu", nabarmendu du.
Edizio honetan, UIK marka berria estreinatuko du Uda Ikastaroak Fundazioak, Eduardo Chillidak EHUren udako ikastaroetarako sortutako logotipoarekin eta Fundazioak garatzen dituen programen erreferentziekin batera.
41. edizioak gobernantza-modu berrien, berdintasunaren, digitalizazioaren, osasun mentalaren, zahartzearen, jasangarritasunaren, hezkuntzaren eta euskal kulturaren inguruko gaiak jorratuko ditu. Ukrainako gerrak izan duen eragina oso presente egongo da programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta haren ondorioak ere.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean ostiral honetan zehaztu dituzten programei dagokienez, lehenak izan dira "Aprender para enseñar" eta "Prest gara".
Lehenengoan, irakasleek deskontua izango dute ikastaro horien matrikulan, eta bigarrenean bederatzi jarduera sartuko dira. Irizarrek 17 urte daramatza "El viaje de la vida" programarekin kolaboratzen, eta aurten hurrengo ikastaroak eskainiko ditu horrek: "Ser Humano. Ser espiritual", "Salud: alimentación, actividad física, descanso, microbioma y reprogramación de hábitos" eta "El recuerdo de Elkano: conclusiones y nuevas preguntas".
Era berean, edizio honetan, UIK-k Topagune formatuarekin jarraituko du, 2020an Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernazio Sailarekin lankidetzan abiarazitakoa, herritarren arteko topaketak sustatu eta haien parte-hartze politiko-soziala bultzatzeko.
Ildo horretan, lau topaketa egingo dituzte: "Participación, autodeterminación y empoderamiento: transitar hacia la inclusión social y enfrentar la violencia machista. Voces de la experiencia", "Acción Comunitaria: Retos y Experiencias", "Naturan Hezi II Topaketak: Ekozentrismoruntz bidaia" eta "Eskola Publikoa, ahaldunduz hobetuz".
Biktimologia
Bestalde, Biktimologiaren Nazioarteko XVII. Sinposioak 500 pertsona inguru bilduko ditu Donostiako Kursaalean, ekainaren 5etik 9ra. Ekainaren 6ko inaugurazio hitzaldia Viatxeslav Tuliakov Odesako Zuzenbide Penaleko katedradunak egingo du, eta Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da. Gaur egun errefuxiatuta dagoen Tuliakovek Ukrainako gerran egiten ari diren "delituez eta giza eskubideen urraketaz" hitz egingo du, azaldu dutenez.