Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek sastadaz hil du emaztea Malagan
Biktimak berak larrialdi zerbitzuetara deitu du, eraso egin diotela abisatuz. Ustezko erasotzailea ihes egiten saiatu da, baina erori da eta orkatilak hautsi ditu. Ospitaleratuta dago, Poliziaren zaintzapean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
52 urteko gizonezko batek sastadaz hil du 50 urteko emaztea Benajarafen, Velez-Malagako udalerrian, Andaluziako larrialdietarako zerbitzuko iturriek jakitera eman dutenez. Erasotzailea atxilotu dute.
Iturri berdinek azaldu dutenez, 00:40ak aldera biktimak berak deitu du larrialdi zerbitzuetara, eraso egin diotela abisatuz, La Sirena urbanizazioan kokatutako haren etxean. Liskarra izan omen da bikotekideen artean, eta senarrak labanaz eraso egin dio emazteari.
Medikuak bertaratu dira baina ezin izan dute emakumea salbatu. Arma zuriz eragindako zauriak zituen biktimak.
Arropa zabaltzeko lekutik ihes egiten saiatu da ustezko erasotzailea, baina erori egin da eta orkatilak hautsi ditu. Ospitaleratuta dago, Poliziaren zaintzapean. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Indarkeria matxistagatik 2008an senarra salatu zuen emakumeak. Espainiar Estatuan aurten genero-indarkeriagatik izandako 17. biktima da, eta 2003az geroztik, berriz, 1.146.a.