Gizartea -

Maiatzaren 15etik 19ra

Enplegua izango da Internet Egunaren ardatza Euskadin

Antolatutako ekitaldien artean garrantzitsuenetakoa Barakaldoko (Bizkaia) CEDEMI zentroan maiatzaren 17an egingo den "Enplegua eta IKTak" jardunaldia da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Internet Eguna ospatuko da maiatzaren 17an mundu osoan, eta EAEn, zazpigarren urtez jarraian, sarearen balioa berretsi nahi da, herritar guztiei makina bat zerbitzu eta eduki interesgarri eskaintzen dien komunikabidea baita. SPRI eta Internet&Euskadi elkarteak sustatuko duten ekimenak jarduera eta gune gehiago eskainiko ditu aurten, maiatzaren 15etik 19ra bitartean, eta enplegua izango du ardatz. Ekimenak langabeen kolektiboari bideratuta daude neurri handi batean.

Aurtengo ekitaldian, formatua erabat aldatuko da, edukiak eta kokalekuak zabaltzeko helburuarekin. Antolatu dituzten ekintzak prestakuntzara eta enplegu-bilaketara bideratuta daude. Barakaldon, Bilbon, Zeanurin, Leioan, Donostian, Zarautzen, Errenterian, Urnietan, Usurbilen eta Laudion egingo dira Internet Eguna ospatzeko ekitaldiak, eta, gainera, Teknologia Parke bakoitzean hitzaldi bat eskainiko dute.

Ekimenaren sustatzaileen arabera, Interneten erabileraren alorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dagoen errealitatea "oso pozgarria" da, eta urtez urte eginiko aurrerapenen ondorioz "oso baikor" agertu dira.

Horrela, EAEko herritarrek eskuarki erabiltzen dute Internet, Europako herrialde nagusietan bezalaxe, eta 2008ko datuekin alderatuz gero, etengabeko prestakuntza bikoiztu egin da, Europako herrialdeen maila berean jarri da. Gainera, eskoletan IKTak erabiltzen dituzten irakasleen portzentajea bikoiztu egin da.

Hala ere, IKTetako ekipamenduen erabilgarritasuna oso ezberdina da hainbat ezaugarri soziolaboralen arabera; adinaren, ikasketa-mailaren edo lan-egoeraren arabera, esaterako.

Jardunaldia Barakaldon

Antolatutako ekitaldien artean garrantzitsuenetakoa Barakaldoko (Bizkaia) CEDEMI zentroan maiatzaren 17an egingo den "Enplegua eta IKTak" jardunaldia da. Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, eta Tontxu Rodriguez, Barakaldoko alkatea, izango dira inaugurazio-ekitaldiaren buru.

Ondoren, gaur egun gizarte-sareen inguruko guruetako baten txanda izango da: Alfonso Alcantara coach eta aholkularia, Enplegua 2.0, garapen profesionala, gizarte-sareak eta produktibitatea gaietan aditua da. "Enplegua 2.0: ez bilatu aukerarik, haiek zu aurkitzea da kontua" hitzaldia eskainiko du. CEDEMIko jardunaldia doakoa da, baina bertan parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena www.ieguna.net web-orrialdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea