Gizartea -

GIPUZKOA

Sutea izan da Irungo etxebizitza batean eta 11 pertsona artatu dituzte kea arnasteagatik

Horietako bost ospitalera eraman dituzte eta bik bertan jarraitzen dute. Sua goizaldean piztu da Casto Cantero kaleko etxebizitza batean. 50 pertsona beren etxeetatik aterarazi dituzte, baina garrak itzalita, gehienak itzuli ahal izan dira.

Sutea piztu den Casto Cantero kaleko etxebizitza, Irunen. Argazkia: Euskadi Irratia
Sutea piztu den Casto Cantero kaleko etxebizitza, Irunen
11 pertsona artatu dituzte Irunen, sute batean kea arnasteagatik

0:39

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutea piztu da bart Irungo etxebizitza batean, eta 11 pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Horietako bost ospitaleetara eraman behar izan dituzte eta bik bertan jarraitzen dute oraindik.

Sua 01:55ean hasi da Casto Cantero kaleko 4. zenbakiko etxebizitza batean. Etxe horiek egurrezkoak dira eta eraikinak babestuta daude.

Hasiera batean 50 pertsona beren etxeetatik aterarazi dituzte, baina garrak itzalita, gehienak itzuli ahal izan dira, 4. zenbakikoak izan ezik. Udal teknikariek egiaztatu dute suak ez duela egitura kaltetu eta egunean zehar falta diren bizilagunak bueltatzea aurreikusten dute.

Ertzaintzak ikerketa abiatu dute sua zerk piztu duen argitzeko. Lehen hipotesien arabera, egongelan hasi da.

Egurrezko eraikinak ez du egiturazko kalte handirik

Cristina Laborda Irungo zinegotziak kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, udaleko arkitektoak eta arkitekto teknikoak egurrezko eraikina berrikusi dute eta ondorioztatu dute ez duela egiturazko kalte handirik. "Sutea piztu den puntu zehatza kenduta, gainerako etxebizitzak, beheko solairukoak eta goiko solairuetakoak, egoera onean daude", gaineratu du.

Horren arabera, aipaturiko eraikina "laster birgaitzeko" asmoa zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Suteak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Irun bideoak Albisteak Suhiltzaileak azken ordukoa