Gizartea -
Iruñeko sanferminak
Ez da txosnarik egongo sanferminetan, Iruñeko Udalak "ikusezin" bihurtu nahi dituelako
Herri Sanferminak plataformak azaldu du Udalak ez dituela beren proposamenak kontuan izan. Egitaraua bertan behera utzi duten arren, jai herrikoien “balioak erdigunean jarri eta aldarrikatuko dituzten festak ospatzeko beste modu batzuk” bilatuko dituzte.
Mikel Dominguez | EITB Media
Ez da txosna gunerik egongo 2022ko Iruñeko sanferminetan. Herri Sanferminak plataformak bertan behera utzi du Nafarroako hiriburuko jaietarako prest zuen egitarau osoa, Udalak txosnak Errotazarrera bidali nahi zituelako eta ez dituelako onartu plataformak proposatutako gunea eta ordutegi murrizketa.
Udalaren "kudeaketa traketsa" eta "jarrera zurrunaren" aurrean hartu duten erabakia azaldu du plataformak prentsaurrekoan. Udazkenean proposamenak egiteko epea ireki zuenetik, Udala ez zen aurtengo apirilera arte Herri Sanferminak plataformarekin bildu, aurretik jai herrikoien aldeko taldeak "bidalitako proposamena kontuan hartu gabe".
Agintarien "ezezkoa" jaso zuen taldeak, eta ondoren egindako proposamenak ere "baztertu" zituen Udalak. Esan dutenez, Alde Zaharreko bizilagunei eragingo litzaizkiekeen eragozpenak erabili zituen Udalak arrazoi bezala, baina horrek ez du taldea konbentzitu.
Izan ere, plataformako kide "asko" ere Alde Zaharrean bizi dira, eta "auzokoek pairatzen dituzten molestiak" kontuan izan dituzte. Horregatik, Oaren plazan kontzertuak 00:00etan bukatzea eta txosnak 1:00etan ixtea proposatu zioten Udalari, "herritar guztiek gozatu eta deskantsatu ahal izango duten festa" bat lortze aldera. Udalak ezetz esan zien, Gaztelu plazan ekimen pribatuko hamar barrak 2:00etara arte egoteko baimena izango duten bitartean.
"Udalari ez zaio gustatzen bestelako jai eredua aldarrikatzea", ondorioztatu du Herri Sanferminak plataformak. Sanfermin "herrikoi, parte-hartzaile, feminista, ekologista, euskaldun, antikapitalista eta anitzak" ikusezin bilakatu nahi dituela salatu dute, Udalarentzat "traba" direlako.
Txosnarik ez jartzea erabaki duten arren, "gure balioak erdigunean jarri eta aldarrikatuko dituzten festak ospatzeko beste modu batzuk" bilatuko dituztela azpimarratu dute, aurtengo sanferminak "benetako loraldi herrikoi" bat izan daitezen.