Gizartea -
Koronabirusa
Osasun neurriak babestea auzitegi nagusien esku utzi zuen erreforma baliogabetu du Konstituzionalak
Horrela, Enrique Arnaldo magistratuaren txostena babestu du Konstituzionalak, aldeko zazpi botorekin eta kontrako lau bozarekin. Candido Conde-Pumpido, Maria Luisa Balaguer, Ramon Saez Valcarcel eta Inmaculada Montalban magistratuek boto partikularra eman dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Koronabirusaren pandemiari eusteko, erkidegoek onartutako osasun neurriei auzitegi nagusiek babesa eman ahal izateko erreforma egin zuen Espainiako Gobernuak. Orain Auzitegi Konstituzionalak erreforma hori baliogabetu du.
Horrela, Enrique Arnaldo magistratuaren txostena babestu du Konstituzionalak, aldeko zazpi botorekin eta kontrako lau bozarekin, diario.es atariak aurreratu duenez.
Candido Conde-Pumpido, Maria Luisa Balaguer, Ramon Saez Valcarcel eta Inmaculada Montalban magistratuek boto partikularra eman dute.
Lau magistratu aurrerakoien hitzetan, Gobernuaren erreformak babes konstituzional argia du, ez dio botere banaketari eragiten, ezta independentzia judizialari eta erregelamenduak egiteko eraginkortasunari ere.
Konstituzionalaren erabakia Espainiako Gobernuaren kudeaketarentzako kolpe berri bat da; izan ere, Auzitegiak bi alarma egoerak Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen aldez aurretik, baita lehenengoaren aurreneko asteetan jarduera parlamentarioa etetea ere.
Horrela, Aragoiko Auzitegi Nagusiaren eskakizuna onartu du Konstituzionalak.
Erkidegoetako auzitegi nagusiei gobernuen neurriak baimentzeko edo berresteko eskumena ematen zien erreformak, tartean, oinarrizko eskubideak mugatzeko erabakiak.
Konstituzionalaren epaiak uste du aldaketak botere banaketa urratzen duela, administrazioarekiko auzien organo judizialei beste funtzio batzuk ematen dizkielako.
Sententziaren arabera, erregelamenduak egiteko ahalmena botere exekutiboari soilik ematen dio Konstituzioak, legegileak gaitasun hori botere judizialarekin partekatzea ezinezkoa da.