Gizartea -

HEZKUNTZA

Eskolaldi jarraituaren aldeko elkarretaratzea deitu dute biharko, Donostian

EAEko DBHko Guraso Elkarteek deitu dute protesta, Miramar jauregian, 14:00etan. Eusko Jaurlaritzak 2022-2023 ikasturterako "inposatu" nahi duen ordutegi zatituaren atzean "interes ekonomikoak eta politikoak" daudela salatuko dute, eta ikastetxe bakoitzaren "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola atarietan pil-pilean dagoen gaia da, berriro: eskolaldi jarraitua bai edo ez. EAEko bigarren hezkuntzako ikastetxe gehienetan bertan behera geratuko da ordutegi jarraitua datorren ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aldatu egin baititu horretarako baldintzak. Haserrea piztu du erabakiak zenbait guraso eta irakasle talderen artean, eta hasi dira, batean eta bestean, protesta ekintzak antolatzen.

Tokian-tokian, ikastetxe atarietan dozenaka protesta deitzeaz gain, EAEko DBHko Guraso Elkarteen plataformak elkarretaratze bateratua deitu du biharko, Donostian, 14:00etan, Miramar jauregian. Deialdiaren berri emateko zabaldu duten oharrean jaso dutenez,  Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean "inposatu" nahi duen ordutegi zatituaren aurrean "desadostasun irmoa" agertu nahi dute gurasoek, erabaki horrek "ikasleen, gurasoen eta familien beharrak alde batera" uzten dituela iritzita.

Halaber, ikastetxeen ahotsa entzuteko eta erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatuko dizkiote Hezkuntza Sailari. Protestaren deitzaileen ustez, ordutegi jarraitua ezarrita, "interes politikoak eta ekonomikoak" lehenesten ari da Eusko Jaurlaritza.

"Eskolaldi zatituak interes ekonomiko eta politikoak lehenesten ditu, eta ikasleen, irakasleen eta familien ongizatea eta beharrak alde batera uzten ditu, haien eskaerak ez baitira entzuten ari.  Ikastetxe eta institutu bakoitzak erabakitzeko duen eskubidea defendatzen dugu", dio, hitzez hitz, oharrak.

Goiz eta arratsaldeko ordutegiak nerabeen ongizatea eta berdintasuna bermatzen dituela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta hala dago jasota, baita ere, Eusko Legebiltzarrean, alderdi nagusien babes zabalarekin, adostu berri duten Hezkuntza Lege berrian. 

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, gaur goizean,  Anabel Ruiz Jardun Jarraiaren Aldeko Euskadiko Plataformako kidea eta Lourdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko ordezkaria elkarrizketatu dituzte, eta ordutegi trinkoen inguruan aritu dira.

Ruizen hitzetan, pandemiak iraun duen bi urteetan ordutegi trinkoak erakutsi du "gatazka gutxiago egon direla ikasleen artean eta estresa murriztu dela, akademikoki ere, emaitzak hobera egiteaz bat". Aldiz, Imazen iritzian, "eztabaida askoz sakonagoa" da, eta ezin da soilik ordutegira mugatu. "Eskolek bermatu behar dute, eta are gehiago publikoek, ikasle guztiei zerbitzu guztiak eskaintzen zaizkiela eskolan bertan, baita curriculumaz kanpokoak ere. Familien arteko liskarrak ez dira batere onak", zehaztu du.

Entzun, hemen, elkarrizketa osoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Hezkuntza Lege Berria albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Euskal eskola publikoaren azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak