Gizartea -
Eskola Txikiak
Dena prest Errezilen, ekainaren 12an ospatuko duten Eskola Txikien festarako
Urte osoan auzolanean ondutako egitaraua aurkeztu dute gaur San Martin eskolako irakasle, guraso eta ikasleek. 'Eskola Txikiak Bizirik' leloarekin, 34.urtez ospatuko da Gipuzkoako Eskola Txikien jaia eta bertan parte hartzeko deia egin dute.
O. P. | EITB Media
Datorren asteko igandean, ekainaren 12an, Errezilen ospatuko da aurtengo Gipuzkoako Eskola Txikien jaia. 2021eko ekainean Aizarnako eskolak emandako lekukoari jarraiki, 34. Eskola txikien jaia izango da aurtengoa. 'Eskola Txikiak Bizirik' leloarekin jarraitzen da urterik urte jaia antolatzen, eta Errezilen, bigarren aldiz ospatuko da jai hau, 1995ean antolatu zuten lehen aldiz.
Gipuzkoako eskola txikietako ordezkari ezberdinak bertan zirela, Errezilgo San Martin eskola atarian aurkeztu dute gaur, herritarrek urte osoan zehar ondu dute egitaraua.
Izan ere, iazko ekainean egin zen, Errezilen, herritar guztientzako antolakuntza deia, eta ordutik hona, lanean aritu dira talde ezberdinetan banatuta. Lana ez ezik, ekarpen ekonomikoa ere beharrezko izaten direnez horrelako ekintzetan, gogora ekarri dituzte, prentsaurreko horretan, era batera edo bestera jai honen antolakuntzan lagundu duten enpresa eta erakundeak.
Oihana Trula Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko ordezkariak nabarmendu duenez, "Auzolana gailendu da ikasturte osoan zehar gure artean. Eta pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako irakasle, ikasle eta gurasoengandik ere jaso dugun erantzun bikainarengatik ere".
Bide beretik, Irati Manzisidor Gipuzkoako eskola txikien irakasleen ordezkariak azpimarratu duenez, "azken bi urteetan bizi izan dugunak pertsonon arteko distantziak handitu eta zenbait kasutan harremanak hoztu eta gaiztotu" ditu, baina hezkuntzak aurrean dituen "erronka ugari eta handiei" modu egokian erantzuteko "bertan eragiten dugun kideok elkarrekin egin behar dugu lan: familiak, herritarrak, udaletako ordezkariak, eskola ezberdinak, administrazioa… Asko dugu elkarri emateko, elkarrengandik ikasteko, elkartu gaitezen bada", esan du.
Esan bezala, jaiaren antolakuntzan ibili da Errezilgo hezkuntza komunitatea urtebetez. Hala, Gipuzkoako eskola txikien arteko hartu-emana sustatzeko proposamen didaktikoak egin dira San Martin eskolatik gainerako eskoletara, eta proiektuaren emaitza gisa, kartel erakusketa eta "elkar ezagutuz" txapelketa egingo dira jaiaren egunean.
Halaber, Errezilgo Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek, Maria Dolores Agirre (Errezil, 1903-Donostia, 1997) euskal idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakaslea ezagutzeko proiektuan murgildu dira eta, ekainaren 12ko festan. horren biografian oinarritutako antzerkia aurkeztuko dute bertara doazen guztientzat.
Egun haundia gero eta gertuago ikusten dute eskolako ikasleek ere, Eihari Agirretxe eta Mikel Zabala pozik eta urduri agertu dira, eta eskola txikietako guraso, irakasle eta ikasle guzti-guztiak gonbidatu dituzte herrira: "Ez dago, ez, aspertzeko aitzakiarik, beraz, animatu eta etorri Errezilera hurrengo igandean, ekainaren 12an" adierazi dute.
2022ko jaiaren ondoren, Lizartzak helduko dio eskola txikietako jaien ardurari eta festaren harrera ekitaldian egingo da lekuko aldaketa.
Eskola txikien jaiko egitaraua:
10:00 - 11:00 Harrera ekitaldia
11:00 - 14:00 Batukada herrian barrena, herriko produktuen azoka, herri kirolak, puzgarriak, trebezia zirkuitua, zirko tailerra, eskalada txokoa, sormen tailerrak eta "Elkar ezagutuz" jolasa
14:30 - 15:30 Bazkaria
15:30 - 17:00 Andoni Ollokiegiren kontzertua
17:00 - 17:30 Ikasleen antzerkia: "M. Dolores Agirre"
17:30 - 18:30 "Baserriko porrusalda" clown emanaldia
15:00 - 19:00 Puzgarriak
18:30 - 20:00 Argizulo Dub Station taldearen kontzertua
Egun osoan Errezil Sagarraren Ibilbidea