Gizartea -

ETXEBIZITZAK ETA NEGOZIOA

Paueko Auzitegiak atzera bota du Euskal Hirigune Elkargoak pisu turistikoak mugatzeko onartu zuen araudia

Bizitegi turistikoak arautzea onartu zuen Elkargoak martxoan, konpentsazio sistema bat erabiliz. Ekainaren 1ean sartu zen indarrean araudi berria, baina egun gutxi iraun ditu. Euskal Elkargoak helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Etxebizitza eskubidearen aldeko protesta baten artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Etxebizitza eskubidearen aldeko protesta baten artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Konpentsazio legea, indargabetuta

01:23

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paueko Auzitegiak bertan behera utzi zuen atzo iluntzean, Ipar Euskal Herriko egitura administratibo gorena den Euskal Hirigune Elkargoak bizitegi turistikoak arautzeko onartu zuen konpentsazio sistema. Araudiaren helburua etxebizitza turistikoen hazkundea mugatzea zen, eta horretarako, hainbat baldintza ezartzen zizkien etxebizitza turismo merkatura atera nahi zuten jabeei. Zorrotzena, agian, pisu edo etxebizitza bat turismora bideratu nahi duenak urte osoko alokairura atera behar duela beste etxebizitza bat.

Elkargoak martxoan onartu zuen neurria Ipar Euskal Herriko 22 herritarako; Lapurdi kostako herri guztiak, tartean, eta aste honetan, ekaineran 1ean, sartu zen indarrean. Etxejabeen Kolektiboak salaketa aurkeztu zuen neurriaren kontra, eta Paueko Auzitegiak arrazoia eman die orain azken horiei.

Araudia bertan behera geratu eta gero, urgentziazko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo iluntzean elkargoko arduradunek euren haserrea adierazteko eta helegitea aurkeztuko dutela jakinarazteko.

Jean Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak esan zuen "kataklismoa" dela Pauko Auzitegiaren erabakia.

Etxegarairen hitzetan, "irabazi hutsa helburu hartuta, azken bi urteetan etxebizitzen esplotazioan" aritu diren higiezinei eman die arrazoi Auzitegiak eta iragarri zuen Elkargoak astelehenean bertan jarriko duela helegitea Frantziako Estatu Kontseiluan. Hori bai, hilabeteak beharko dira erakunde horrek ebazpena emateko, eta bien bitartean, orain bezala jarraituko du egoerak.

Euskal Elkargoko ordezkariek larunbat honetan egindako bileran berretsi dutenez, "atsekabetuta eta harrituta" daude erabakiarekin eta epaileek ez dutela "interes orokorra" kontuan hartu uste dute.

Beste hainbat eragile ere Auzitegiaren ebazpenaren aurka agertu dira. EH Baik salatu du "herritarrek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen" duela erabakiak eta Alda mugimenduak, berriz, "etxebizitzaren lobbyarekin bat egitea" leporatu dio Auzitegiari. 

Xebax Cristy: "Lehentasuna eman die auzitegiak jabe pribatu gutxi batzuei interes orokorraren gainetik"
Xebax Cristy: "Lehentasuna eman die auzitegiak jabe pribatu gutxi batzuei interes orokorraren gainetik"
Xebax Cristy: "Lehentasuna eman die auzitegiak jabe pribatu gutxi batzuei interes orokorraren gainetik"

play icon 5:51

Iparraldeko etxebizitzen ia herena bigarren etxebizitzak dira eta hutsik daude

Etxebizitzaren inguruko auzia arazo garrantzitsu bihurtu da azken urteetan Ipar Euskal Herrian, kostaldeko herrietan, batez ere. Gaur, hain zuzen ere, Herrian Bizi plataforma sortzeko Biltzar Nagusia egingo dute Hiriburun, eta sortze-ekitaldia etxebizitzaren gaiaz gogoeta egiteko baliatuko dute. 30 bat eragilek hartu dute parte bileran eta plataforma eratzeaz gain, kontzentrazioa deitu dute asteazkenean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzaren aurrean, konpentsazio-araudiari babesa agertzeko.

Hainbat mugimendu izan dira etxebizitzaren gaiarekin azken urtean. Euskal Hirigune Elkargoak tokiko lehen etxebizitza plana onartu zuen iazko apirilean, etxebizitza sozialak bultzatzeko, besteak beste. Azaroan, berriz, 8.000 lagun atera ziren kalera Baionan, Iparraldeko etxebizitzen ia herena bigarren etxebizitzak direla salatzera. Eta aurten, Euskal Hirigune Elkargoak bost urte bete dituenean, lurraldearen garapenerako lehentasunak etxebizitza eta hezkuntza izan behar direla adierazi zuten biltzar nagusian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak Baionako albisteak Biarritz argazkiak Maule Donibane Garazi albisteak Hendaia argazkiak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zuberoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Beherea