Gizartea -

Gizarte politikak

Adikzioei aurre egiteko 250.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak

2022ko ERDU programa osatzen duten irabazi-asmorik gabeko lau erakundek jasoko dituzte zuzeneko dirulaguntzak: Agipad elkarteak eta Etorkintza, Gizakia eta Jeiki fundazioek.

Alkohol arazoak dituen gizonezko baten irudia. Argazkia: freepik / jcomp
Alkohol arazoak dituen gizonezko baten irudia. Argazkia: freepik /  jcomp
Alkohol arazoak dituen gizonezko baten irudia. Argazkia: freepik / jcomp

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 250.000 euro bideratuko ditu 2022ko ERDU programara EAEko adikzioen aurrean dauden erronka berriei heltzeko.

Jaurlaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez, joan den maiatzaren 31n izandako Gobernu Kontseiluak onartu ostean, lau elkarteri emango diete zuzeneko dirulaguntza, hala nola, Agipad elkarteari, Etorkintza Fundazioari, Gizakia Fundazioari eta Jeiki Fundazioari. Adikzioak dituzten edo gizarte-kalteberatasun handiko egoeretan dauden pertsonen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko lan egiten dute elkarte horiek.

Horrela, drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar Agipad elkarteak 58.793 euro jasoko ditu; Bizkaiko Etorkintza Fundazioak, 59.943 euro; Bilboko elizbarrutiak sustatzen eta nerabezaroan arrisku-jokabideen prebentziorako, adikzioak dituzten pertsonen tratamendurako eta gizarte- eta lan-inklusiorako lan egiten du duen Gizakia Fundazioak, berriz, 109.524 euro; eta azkenik, Jeiki Fundazioari 21.740 € emango zaizkio. Arabako erakunde horrek droga-mendekotasunen eremuan lan egiten du, prebentzioko, asistentziako eta gizarteratzeko programen bidez.

2021ean ERDU programak 434 pertsonari eman zien arreta zuzena, haren unitate mugikorren bidez: 204ri Gipuzkoan, 202ri Bizkaian eta 28ri Araban. Modu berean, EAE osoan, 472 pertsonak arreta telematikoa jaso zuten.

Programa honen helburua da adikzioak eta/edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, 2021-2024rako EAEko Arreta Soziosanitarioaren Estrategiaren esparruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Gizarte zerbitzuak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak