Gizartea -
Tuterako krimena
12 urteko kartzela zigorra eskatu dute bi akusatuentzat
2011ko abenduan Tuterako bizilagun bat hil izana egotzita atxilotu zituzten bi lagunen aurkako bista hasiko da Nafarroako Probintzia Auzitegian.
Erredakzioa
Jose Miguel C.M. eta Jose C.S. akusatuen defentsek absoluzioa eskatu dute, Hugo Montalvo jipoitzen "parte hartu zutela erakusten duen frogarik ez dagoelako". Montalvo abenduaren 5ean hil zen, azaroaren 27an jaso zituen zaurien ondorioz.
Ahozko epaiketa abiatzea agintzen duen idatzian, Tuterako Instrukzioko 3. Epaitegiaren ustez, hilketagatik epaitzeko "zantzu nahikoa erabakigarriak" daude; esate baterako, Jose C.S. akusatuaren odola biktima jipoitzeko erabili zuten objektuan topatu zuten.
Epailearen iritziz, bi akusatuek "batera, segidan, txandaka edo banaka, beste akusatuak egiten utzita, jipoitu zuten".
Akusatuak, idatziaren arabera, "egiten ari zirenaz kontziente ziren, euren buruaren jabe ziren", baina baliteke asteburu horretan zehar drogak edo alkohola hartu izana.