Gizartea -

urteurrena

Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 43. urteurrenean

Eguzki eta Gladys Gogoan plataformek salatu dutenez, aktibista gaztearen heriotza "zigorgabe" gelditu zen, eta "aintzatespen ofiziala" aldarrikatu dute.

Gladysi omenaldia, Donostian. Argazkia: EITB Media
Gladysi omenaldia, Donostian. Argazkia: EITB Media
Gladysi omenaldia, Donostian. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguzki plataformak eta Gladys Gogoan elkarteak Gladys del Estal ekologista gaztearen heriotzaren 43. urteurrena gogoratu dute igande honetan, Donostian. Guardia Zibilak hil zuen Tuteran, Bardeako tiro poligonoaren aurka egindako protesta antinuklear batean.

Cristina Enea parke urbanoan batu dira dozenaka pertsona, aktibista omentzeko. Lore, abesti eta bizikleta artean, bertaratutakoek salatu dute haren heriotza "zigorgabe" gelditu zela, eta egun "aintzatespen ofizialaren zain" jarraitzen dutela.

Gladysi egindako lore-eskaintza. Argazkia: EITB Media

Gladysi egindako lore-eskaintza. Argazkia: EITB Media

Ekitaldiaren aurretik, Gladys del Estalen lagun eta senide talde batek ibilbidea egin du bizikletaz, Boulevardetik aipatu parkeraino. Sarreran, pankarta bat ipini dute ekologista gaztearen erretratuarekin.

"Badirudi Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken urteotan eman dituzten pausoak, erresistentzia handia topatu dutenak, bide onetik doazela, baina gauzatu gabe jarraitzen dute. Aintzatespen ofizial hori lehen baino lehen iritsi dadin" desiratu dute.

Parke barruan, bi gaztek aurreskua dantzatu dute, aktibista bizikletan igota agertzen duen irudi erraldoi baten aurrean. Alboan, Eguzkiren pankarta handi bat, talde ekologista horren logotipoarekin eta 'Eskerrik asko' hitzekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Euskal herriak Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Ingurumena Memoria historikoa albisteak Polizia abusuen kasuak