Gizartea -
MIGRAZIOA
Simulakroak, praktikak eta urduritasuna: Horrela igaro dituzte lehendabiziko orduak 'Aita Mari' ontzian
07:00etan abiatu da eta lauzpabost egun beharko ditu erreskate gunera iristeko. Urteko bigarren misio humanitario honen berri emango du Asier Sanchez EITB Mediako kazetariak ontzi barrutik.
EITB MEDIA
Aita Mari erreskate-ontzia 07:00etan atera da Palmako portutik Mediterraneo erdialdera bidean. Guztira, lauzpabost egun beharko ditu erreskate gunera iristeko, Libiatik 50 miliara eta Lampedusatik 100 bat miliara. Aita Mariren urteko bigarren erreskate-misioa izango da.
Aurreko misioan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migranteak erreskatatzea izango da helburua. Itsaso barea eta eguraldi ona baliatuta, ehunka migratzaile itsasotzen dira ekainean Europara iritsi nahian.
Bidaia horren lekuko berezia izango da EITB Media, izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetariak ontzi barrutik emango du misio humanitario horren berri.
Abiatu orduko, 06:30 inguruan, denak prest zeuden Aita Mari-n. EITB Mediako kazetariak kontatu duenez, lehendabizi tripulazioa eta ontziko gela guztiak ezagutu dituzte.
Halaber, nabigatzen hasi aurretik zenbait praktika eta simulakro egin dituzte balizko erreskateetan nork zer egin beharko duen jakin dezan.
Sanchezek "urduritasuna eta emozioa" antzeman ditu tripulazioko kideen artean. Batzuentzat lehendabiziko misioa izango da, baina beste askok badakite zernolako egoera latzak biziko dituzten Mediterraneoan.
Oscar Fernandez Aita Mari ontziko kapitainak adierazi du ez direla heroiak: "100 edo 200 pertsona hiltzea ekiditeko lagundu nahi dugun pertsona normalak gara".
"Egoera zailei egin beharko diegu aurre: itsasoaren egoerari, gauez nabigatzeari edo ontzian ahal duguna baino migratzaile gehiago hartuz, baina prest gaude", azpimarratu du.
ETBri eskainitako elkarrizketan, Izaskun Arriaran Aita Mariren misioaren buruak adierazi duenez, "misio guztiek daukate bere zailtasuna, guri oraingoan, adibidez, erregaien garestitzeak baldintzatu gaitu". "Ontzian 10-13 pertsona goaz, baina atzetik pertsona pilo daude, hasieratik laguntzen egon direnak", esan du.
Horrekin lotuta, misio berri hau babestera deitu ditu herritarrak. "Sar zaitezkete Itsas Salbamendu Humanitario erakundeko webgunean, eta han daude proiektu guztiak, ez bakarrik Aita Marirena, eta han dago informazio guztia eskura", azaldu du misio arduradunak, "laguntzeko mila aukera daude".
Aita Mariren 8. misioa izango da hau. Aurretik egindakoetan 113 bizitza salbatu dituzte, eta guztira 669 erreskate burutu dituzte. Horrekin batera, ehunka pertsona artatu dituzte.