Gizartea -
Migrazioa
Gaua kalean eman dute dozenaka lagunek Euskal Herria "harrera herria" dela aldarrikatzeko
Besteak beste, Ongi etorri errefuxiatuak, SOS Arrazakeriak eta Irungo Harrera Sareak antolatuta, gaubeilak egin dituzte Bilbon, Barakaldon, Artean (Bizkaia), Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ongi etorri errefuxiatuak, SOS Arrazakeriak, Irungo Harrera Sareak eta migratutako pertsonekin eta arrazakeriaren kontra lan egiten duten beste elkarte batzuek antolatuta, gaubeilak egin dituzte bart hainbat herritan Euskal Herria "harrera herria" dela aldarrikatzeko eta "arrazakeria instituzionala" salatzeko.
Bilbon, Barakaldon, Artean (Bizkaia), Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Gasteizen eta Iruñean egin dituzte gaueko kontzentrazioak. Aurrez, bart iluntzean, elkarretaratzeak egin dituzte hainbat banketxeren eta Atzerri Ministerioak dituen bulegoen aurrean.
Elkarteok salatu dutenez, 500 pertsona baino gehiago bizi dira Hego Euskal Herriko kaleetan, eta egunerokoan, traba ugari izaten dituzte erroldatzeko eta bestelako izapideak egiteko.
Atzerritarren Legea kritikatu dute elkarteok, euren ustez, ez baitu migratzaileen eskubideak behar bezala bermatzen.
Horren aurrean, EAEko eta Nafarroako erakunde publikoek "gehiago" egin dezaketela azpimarratu dute. "Migrazioaren aldeko Euskal Itun Soziala sinatu ondoren, EAEko eta foru-administrazioetako ezein sailek eta udalek, ez dituzte bete harrera- eta gizarteratze-planak (...) Asko dira EAE eta Nafarroa politika sozialetan abangoardian jarri nahi dituzten adierazpen orokorrak. Harrera duinari eta etxegabetasunari ekiteko planak ez dira falta. Errealitateak, ordea, zoritxarrez, gezurtatu egiten du erretorika hori".