Gizartea -
eguraldia
Beroaldia Nafarroan hurrengo egunetan, 40 gradurainoko tenperaturekin
40 graduren inguruko tenperaturak espero dira aste osorako Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, eta abisu horia ere aktibatuko dute astelehen eta asteartean.
i.l.k. | eitb media
Hurrengo egunetan, beroaldi bizia espero da Nafarroan, erdialdean eta hegoaldean bereziki, azken egunotako joerari jarraiki.
Aemet Estatuko Agentzia Meteorologikoaren iragarpenaren arabera, 36 ºCko tenperatura maximoak izango dira astelehenean Iruñean, eta 38 ºCkoak, berriz, asteartean. Asteak aurrera egin ahala, 40 ºCak ere gaindituko dira zenbait puntutan, erdialdean batik bat.
Tenperaturarik beroenak Nafarroa erdialdean eta hegoaldean espero dira. Hala, astelehenean abisu horia sartuko da indarrean eremu horietan tenperatura altuek eragindako arriskua dela eta, 13:00etatik 21:00ak arte. Asteartean ere, 12:00ak eta 20:00ak bitarte egongo da aktibo; eguneko ordu zentraletan, alegia.
Bero esanguratsuarekin batera, zerua oskarbi mantenduko da, oro har.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.