Gizartea -
Tenperatura altuak
Abisu horia tenperatura altuengatik Hego Euskal Herriko barnealdean
EAEn, abisu horia astearte eta asteazkeneko erdiko orduetan izango da indarrean. Halere, kostaldean tenperaturak 30 ºC-tik behera geratuko dira. Nafarroan abisu horia indarrean dago jada gaur 20:00ak arte, eta abisua ezarriko da asteartean eta asteazkenean ere.
EITB Media
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du astearterako muturreko tenperatura altuengatik, 14:00etatik 18:00etara erkidegoko barnealdean. Tenperatura maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri barnealdean; ekialdean apur bat altuagoak izan daitezke, eta mendebaldean zertxobait baxuagoak. Hegoalderago jota, Euskalmetek jakinarazi duenez, tenperatura maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke trantsizio-eremua deiturikoan, eta 36 ºC ingurukoak Ebro ondoko eskualdean.
Kostaldean, itsasoko brisak termometroek gora egitea saihestuko du, eta tenperatura altuenak 27 ºC ingurukoak izango dira gehienez.
Haizea hegoaldekoa izango da goizean barnealdean, eta arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, tenperatura jaitsiz. Arratsaldean zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta tenperaturak behera egin dezake, batez ere hegoaldean.
Asteazkenean, abisu horia mantenduko da trantsizio-eremuan eta Ebro ondoko eskualdean 14:00etatik 18:00etara. Tenperatura maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke eremu horietan.
Asteazkenean EAEko iparraldean atseden emango du beroak. Kostaldean, tenperatura maximoak 26 ºC ingurukoak izango dira, eta 33 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean.
Nafarroa, hiru egun abisupean
Nafarroan, beroagatik ezarritako abisu horia eguerditik dago indarrean Nafarroako erdialdean eta Ebroko Erriberan; astelehen honetan 36 edo 37 ºC-tara irits daitezke termometroak inguru horietan. Erkidegoko gainerako zonaldeetan maximoak 33 ºC-koak izango dira, Iruñean kasu, eta 35ºC-koak Lizarraldean.
Egunak aurrera egin ahala hodeiak ugaritzen joango dira eta zaparradak bota ditzake, ekaitzak jotzea baztertu gabe, Pirinioetan batez ere.
Nafarroako geografia osoa arriskuagatik abisupean egongo da asteartean ere, eta abisua alerta laranjara igaroko da asteazkenean; izan ere, eguneko erdiko orduetan termometroak 36 ºC-ra iritsiko dira lurralde osoan, eta 38 ºC-ra hegoaldean.