Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek eraso matxista jasan duela salatu dute Zornotzan
Erasoa igande goizaldean gertatu zen Larrea auzoan. Aurrez, inguru berean, beste neska batek etxera bidean jarraika izan zuen gizon batengandik ihes egitea lortu zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Amorebieta-Etxanoko Udalak "irmotasunez" gaitzetsi du joan den asteburuan emakume bati gizon batek egindako eraso matxista.
Zornotzako Talde Feministak sare sozialetan azaldu duenez, gertakariak igande goizaldeko 04:30 aldera jazo ziren Larrea auzoan. Neska bat korrikan joan zen bere etxeraino, atzetik gizon bat jarraika zeukala jabetu zenean.
Etxera iristean, udaltzaingoari deitu zion gertatutakoaz ohartarazteko. Handik gutxira, baina, beste emakume bati eraso egin zioten leku berean. Oraingoz, ez dute erasotzailea atxilotu.
Amorebieta-Etxanoko talde politiko guztiek adierazpen instituzionala onartu dute gaur goizean, eraso matxista salatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa berresteko. Halaber, arratsaldean, bilkura egin dute Herriko plazan erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko.